LAN GATAZKA. Sirena hotsak Donostian

Gipuzkoako larrialdietako beharginek ohartarazi dute enpresek proposatutako plataforma osagarria «positiboa baina eduki gutxikoa» dela, eta manifestazio burrunbatsua egin dute

Leire Olaetxea.
2004ko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Atzo eguerdian egindako manifestazioarekin Gipuzkoako larrialdietako 50 langile inguruk Donostiako erdigunea aztoratu zuten. Sirena eta txistu hotsen artean, enpresei eta Osakidetzari «lan baldintza duinagoak» eskatu zizkieten. Astelehenean hasitako lanuzte mugagabea «oso arrakastatsua» izaten ari dela azpimarratu zuten. Enpresen jarrerarekin ere itxaropentsu ziren, atzoko bileran «hitzarmena negoziatu behar dela onartu» zutelako.

Langileen ordezkariek azaldu zutenez, enpresekin egindako bilera «positiboa» izan zen, «konpainiekin biltzea lortu dugulako». Gainera, larrialdietako enpresek «herrialdeko hitzarmen kolektiboa negoziatzeko beharra onartu» zutela jakinarazi zuten. Plataforma osagarri bat eratzea eskaini zieten, zehazki, sindikatuei. «Plataforman, ordea, ez dituzte soldata hazkuntzak, lanaldiaren murrizketa eta itxaronaldien desagerpena jaso», ohartarazi zuten langileen ordezkariek.LABeko Gorka Cascanteren arabera, «bileraren ondorio bakarra da enpresek sektoreko hitzarmena negoziatzeko beharra onartzea». «Ez dugu gai zehatzik jorratu eta ez digute eskaintza zehatzik egin », ohartarazi zuen. Gaineratu zuenez, «enpresek azaldu dute beraien aurrekontu-saila oso mugatua dela eta ez dutela maniobra-marjinik».Hori dela eta, mobilizazioekin jarraituko dutela azpimarratu zuen ELAko Jose Ignacio Bertizek. «Enpresek borondatea badutela jakinarazi digute, baina dirurik ez dagoela», azaldu zuen. Larrialdietako bigarren greba egunean %100eko gutxieneko zerbitzuak indarrean izan zirela jakinarazi zuen.

Informazio kanpaina

Eguerdiko 12:00etan Donostiako udaletxetik irten zirenetik bidean aurkitu zituzten herritar guztiei informazio paperak helarazi zizkieten. «Gizarteak gure egoeraren berri izan dezan nahi dugu, anbulantzia zerbitzuak bertan behera uzten baditugu, hobeto ulertu gaitzaten», azpimarratu zuten.

Iragarri zutenez, akordiorik lortu ezean «neurri gogorragoak» hartuko dituzte. «Litekeena da anbulantziak gelditu behar izatea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.