Nafarroako Industria eta Lan Sailak Volkswageneko lan gatazka gainditzeko laudoa proposatu die langileen batzordeari eta zuzendaritzari. Langileen batzordearen gehiengoak (CCOO, LAB eta CGT) ez du abisu ofizialik jaso, eta azaldu du nahiago duela zuzendaritzarekin negoziatu.
Miguel Sanz Nafarroako presidentearen ustez bi aldeak ados daude lan itunaren %90ean. Sindikatuek ez diote erantzun baina Gobernuak jarrera aldatu duela dio Raul Villar CCOOko ordezkariak. «Orain arte zuzendaritzaren proposamena sinatu behar zela zioen eta orain negoziatu egin behar dela».Lan sailak negoziazio mahai batean eseri nahi ditu bi aldeak, adostasuna lortzen ez duten lan itunaren atalak eztabaidatzeko eta adosteko. Gobernuak akordioa lortzeko hilabeteko epea jarri die bi aldeei. Epe horretan akordiorik lortuko ez balitz, Industria Sailak eta bi aldeek aditu talde independentea hautatuko lukete. Talde horrek bi aldeek nahitaez bete beharreko laudoa, akordioa alegia, kaleratuko luke. Volkswagenen hamabost hilabete daramatzate lan ituna negoziatzen. Bi aldeak akordiorik lortzen ez dutela ikusirik, gobernuak bitan deitu ditu zuzendaritza eta sindikatuak negoziatzera, baina alferrik. Jose Maria Molinero CCOOko Nafarroako idazkariak gobernuaren, Volkswagenen eta UGTren jarrera kritikatu du. Molinerok langileen aurka «gurutzada» egitea leporatu dio gobernuari, eta industria plan bat eskatu dio. Zuzendaritzaren jarrera ulertezina dela deritzo. UGTri, berriz, «mehatxuen aurrean izutzea» egotzi dio.
LAN GATAZKA. VWn lan gatazka gainditzeko laudoa proposatu du gobernuak
Lan ituna negoziatzeko hilabeteko epea izanen lukete bi aldeek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu