Gipuzkoako Diputazioak kontratatzen dituen enpresek eta haiek azpikontratutakoek euren sektoreetako lan hitzarmena bete beharko dute. Batzar nagusiek onartutako foru arauaren arabera, ebaluaziorako batzorde tekniko bat sortuko dute, enpresek itunak errespetatzen dituzten aztertzeko. Hala egiten ez badute, batzordeak isun proposamena egingo dio enpresa kontratatzaileari. Zigorrak arin, larri edo oso larri sailkatuko dira, eta dirutan kontratuaren balioaren %10 artekoak izango dira.
ELA, LAB, CCOO eta UGTrekin batera prestatu dute foru araua, eta Bilduk, Aralarrrek eta PSE-EEk eman dute baiezko botoa. EAJ abstenitu egin da; esan du arauaren "izpirituarekin" ados dagoen arren ez duela "behar adinako berme juridikorik". PPk aldeko botoa emateko asmoa zuen hasiera batean, baina hura ere abstenitu egin da. Esan du eztabaidan araua bestelako helburu batzuekin erabiltzeko asmoa ikusi duela.
Lan hitzarmena ez ezik, osasun arloan, lan segurtasunean eta lan baldintzen inguruan adostutako gainerako klausulak ere bete beharko dituzte enpresek. Era berean, kontziliazioari laguntzeko eta sexuen arteko berdintasuna sustatzeko neurriak ere biltzen ditu testuak.
ELAk txalotu egin du akordioa. "Erakundeen azpikontratak eta iruzur nabarmena parekatzen zituen axioma amaitzeko oinarriak jartzea lortu dugu", adierazi du sindikatuek. Haren arabera, langileei ez ezik, legea betetzen zuten enpresei ere egingo die mesede foru arauak, lehiaketa publikoetan baldintza berdinetan arituko direlako. Alabaina, lan hitzarmenak ez betetzearen arazoa ez dela Gipuzkoara mugatzen adierazi du, eta gainerako erakundeei ere antzeko zerbait egiteko eskatu die.