Lan Ikuskaritzak berrikusi dituen kontratuen %34,5 aldarazi ditu lehen seihilekoan

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan aztertutako kontratuen %15 inguru lanaldi partzialekoak ziren, eta lanaldi osokoak dira orain. Horietatik bi herenek emakumeei eragiten zieten.

Donostiako Noriako bi langile geldirik Lan Ikuskaritzaren aginduz, 2019ko otsailean. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
Paulo Ostolaza.
2020ko uztailaren 27a
12:25
Entzun

Eusko Jaurlaritzako Lan Ikuskaritzak aurtengo lehen seihilekoko jardueraren berri eman du. COVID-19ak baldintzatutako ezohiko hilabeteotan, 10.797 ikuskaritza ekintza egin dituzte, horietatik 5.682 laneko iruzurraren aurkako borrokari lotuak, eta %34,5koa izan da eraginkortasuna: 1.959 kontratu aldarazi ditu Lan Ikuskaritzak.

Horietatik %15 inguru lanaldi partzialekoak ziren —lanaldi osokoak dira orain—, eta bi herenek (%66,39) emakumeei eragiten zieten. Guztira, 458.820 eurokoa zen kontratu horiek eragindako iruzurra.

Jaurlaritzaren erakundeak koronabirusaren ondorioz sortutako egoerari aurre egiteko abiatu dituen kanpainen berri ere eman du. 551 ekintza egin dituzte lanean segurtasun baldintzak betetzen zirela bermatzeko, eta bi zehapen espediente soilik aplikatu dituzte. Guztira 147 enpresa aztertu dituzte; Lan Ikuskaritzak ohi baino lan gehiago izan du lantokietako segurtasun baldintzen kontrola egiterakoan.

Legegintzaldian, 18.300 aldaketa

Maria Jesus San Jose Jaurlaritzako Lan eta Justizia sailburuak joan den legegintzaldiaren balantze bat ere egin du. Kanpaina horretan 18.300 kontratu aldarazi ditu Lan Ikuskaritzak: «Oso emaitza onak dira; laneko iruzurraren aurka ekiteko erabaki irmoa izan da legealdi honen ezaugarrietako bat».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.