2005a urte beltza izaten ari da lan istripuen aldetik, 12 egun eskasetan jada lau lagun hil baitira Euskal Herrian, lanean ari zirela. Oiongo beste behargin bat ere hil zen hilaren 4an, Logroñon (Errioxa, Espainia).
Lan ezbeharretako azken biktima 24 urteko E.M.A.Z. izan da. Atzo arratsaldeko 15:10ean hil zen, Uharten (Nafarroa), Oihana kalean eraikuntzan lanean ari zela. Perukoa zen, eta Iruñean bizi zen.Nafarroako Gobernuak emandako informazioaren arabera, eraikinaren kanpoaldeko igogailuak hormaren aurka harrapatu zuen E.M.A.Z. gaztea. Burlatako Construcciones Jaunaga enpresako langilea zen. Atzo ere hainbat ekitaldi egin ziren Mungian (Bizkaia), bezperan Jose Luis Blanco 42 urteko langilea hil zela salatzeko. Construcciones Metalicas-eko langileek 24 orduko lanuztea amaitu zuten 14:00etan. Lantoki horren aurrean bildu ziren ELA, LAB, ESK eta EILAS, eta ondoren udaletxera jo zuten. CCOOk eta UGT ere elkartu ziren, beraien aldetik, udaletxean. Blanco lantegiko kanpoaldea garbitzen ari zela hil zen, elektrokutatuta.
LAN ISTRIPUA. Beste langile bat hil da, urteko laugarrena Euskal Herrian
Igogailu batek zapalduta hil da 24 urteko behargin gaztea, Uharten
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu