J.R.D. 52 urteko eraikuntzako langilea hil zen, atzo, Gasteizko Salburua auzoko eraikin batetik erori eta gero. UGTko iturriek adierazi dutenez, tabike bat markatzeko asmoz langilea baranda baten gainera etorri zenean gertatu zen ezbeharra. Eguerdiko 12:00ak ziren, eta, nahiz eta Zainketa Bereziko Unitate batek osatzen saiatu, tokian hil zen. Ondoren, Osalaneko teknikoek eraikuntza-lanak bisitatu zituzten ikerketa zabaltzeko.
UGTk eta CCOOk langilearen istripua gaitzetsi zuten, eta haren formakuntza faltaz ohartarazi zuten. Hildako behargina Portugalen jaiotakoa zen, eta, UGTren ustez, atzerriko langileen kolektiboak «ez du behar beste formakuntzarik jaso arriskuei aurre egiteko». Halaber, astero 50 ordu baino gehiago lan egiten dituztela, eta, ondorioz, arriskuak biderkatzen direla nabarmendu du sindikatuak. CCOOk, berriz, Portugaleko langileek pairatzen dituzten baldintzak aspalditik salatu dituela gogoratu zuen.Bestalde, Salburuako beste eraikin batean joan den asteartean izandako sutean zauritu zen beste langile bat egonkor dagoela adierazi du Gurutzetako ospitaleak, eta aurki gelara jaisteko asmoa dute.
LAN ISTRIPUA. Eraikuntzako langile bat hil da Gasteizen
Sute batean larri zauritu zen beste behargin bat egonkor dago eta laster gelara eramango dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu