Lan Istripuak

Lan istripuak murrizteko prekarietatearekin amaitzea ezinbestekoa dela dio Rafa Diezek

LAB sindikatuko idazkari nagusi Rafa Diezek ETB2-ko 'El Punto' saioan adierazi duenez, "prekarietatearekin amaitzea da lan istripuen arazo larriarekin amaitzeko modurik eraginkorrena". Gaur Laneko Segurtasunaren eta Osasunaren Nazioarteko Eguna izaki, prekarietatearen aurkako neurriak har ditzan eskatu dio Diezek Administrazioari. "Ez da aski prekarietatea salatzea, neurri zehatzak jarri behar dira mahai gainean. Horretarako ezinbestekoa da segurtasunean eta ikuskapenean inbertitzea. Prekarietateak gora segitzen du, eta Europako Batasunean halako bi dira lan istripu kopurua eta behi-behinekotasun tasa hemen".

2005eko apirilaren 28a
15:11
Entzun
Rafa Diezek salatu duenez, "enpresariek prekarietatea langilea menpean edukitzeko tresna bezala erabiltzen dute, eta horrekin amaitu beharra dago. Gainera, patronalak azken egunetan egindako adierazpenak ikusita argi dago beraiek prekarietatea bultatzen dutela".

Sindikatu bakoitza bere aldetik izango da Lan Osasunaren Egunean

Laneko istripuak onartezinak direla salatuko dute gaur sindikatuek euskal hiriburuetan. Hori bai, bakoitzak bere aldetik egingo du protesta. Lan Osasunaren Nazioarteko Eguna izaki, patronalei eta administrazioei behingoz neurri eraginkorrak hartu ditzaten galdegingo diete.

ELAk Bilbon, Donostian eta Iruñean antolatu ditu ekitaldiak. Gasteizen atzora aurreratu zituzten protestak, gaur San Prudentzio eguna dela eta. Bilbon Abokatuen Elkargoan hasi eta Cebek Bizkaiko patronalaren egoitzaraino manifestazioa egingo dute 11:30ean hasita. Donostian Kutxaren egoitzan batzarra egingo dute eta Pakea mutualitateraino manifestazioa, ondoren. Jose Elorrieta ELAko idazkari nagusia berton izango da. Elkarretaratzea egingo dute Iruñean, Lan Ordezkaritzan.Bilbon izango da Rafa Diez LABeko idazkari nagusia. 11:30ean elkarretaratzea egingo du LABek Lan Ikuskaritzan eta, ondoren, Eusko Jaurlaritzaraino manifestazioa. Ordu berean, elkarretaratzea egingo dute Donostiako Pakean eta Gaztelu Enparantzan Iruñean.Josu Onaindi Euskadiko CCOOko idazkari nagusiak eta Jesus Uzkudun Lan Osasuneko arduradunak Bilboko ekitaldietan parte hartuko dute. Gure ardura: Lan Osasuna lelopean, Bilboko Moyua plazan bilduko dira UGTko ordezkariak.ESK-k hiru elkarretaratze egingo ditu: Bilbon Fremap mutualitatean, Lan Ikuskaritzan Donostian eta Iruñean Universales mutualitatean. Hiru garraiolari autonomoen sindikatuak maiatzaren 1ean egingo du manifestazioa Irunen, eta Elkartzen Euskal Herriko eskubide sozialen aldeko mugimenduak mobilizazioetan parte hartu dezaten dei egin die herritarrei. Duinak eta Lan Istripuak Stop! ekimenak ere mobilizazioak antolatu dituzte.Lan istripuen harira, Nafarroako Gobernuak jakinarazi du 2005eko lehen hiruhilekoan %5,5 hazi direla emandako gaixo-agiriak eta %14 murriztu laneko gaixotasunak. Bitarte horretan bost langile hil dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.