Hareazko molde bat garraiatzen ari zela zendu zen Jose Luis C.F. langilea, Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren arabera. Antza, garabi handi bat erabiltzen ari zen moldea lekuz aldatzeko eta, bat-batean, moldea apurtu, piezak askatu eta kolpe txar bat hartuta zerraldo erori zen behargina. Basauriko Guivisa galdategira joandako erizainek ez zuten Jose Luis C.F. artatzerik izan. Hilotz aurkitu zuten.
Osalan erakundeko teknikariek afera ikertzen jardun zuten arratsaldera arte, baina ez zituzten istripuaren zergatik jakinarazi. Ordea, gaizki eginak baztertu eta «ustekabeko istriputzat» jo zuten iturri ez ofizialek. 37 urte zeuzkan Jose Luis C.F. langileak, eta goizeko lan txanda hasi eta segituan izan zuen ezbeharra. Prebentzioaren kultura «hutsaren hurrengoa» dela eta «zoriaren menpe» gaudela berretsi zuen ELAk atzo, Basauriko istripuaren harira. Jaurlaritzaren eta patronalaren hitzak gezurtatu zituen: «Enpresen ahaleginarekin lotu dute iaz ezbehar gutxiago gertatu izana, baina, funtsean, aldaketa esanguratsurik ez da gertatu».Izan ere, ELAk oroitarazi zuen atzokoarekin bost langile hil direla jada Euskal Herrian urtea hasi denetik.
Bost hildako 17 egunean
Urtarrilaren 12an, 24 urteko E.M.A.Z. gaztea zendu zen Uharten (Nafarroa), igogailu batek zapalduta. Perukoa zen sortzez; Iruñean bizi zen eta Burlatako Construcciones Jaunaga enpresan egiten zuen lan.
Hilaren 11n, berriz, J.L.B.P. behargina hil zen, Mungian, lantegi bat garbitzen ari zela, kable batekin elektrokutatuta. 42 urte zeuzkan eta Asteko SL enpresan ziharduen beharrean. Haren lankideek egun osoko lanuztera deitu zuten.Urteko lehenengo astean beste bi langile hil ziren, gainera. Azpeitian, zabaltzekotan dagoen egur lantegi batean koadro elektrikoa jartzen ari zen behargin bat hil zen, elektrokutatuta hori ere. Andoainen, aldiz, lanerako prestatzen ari zen langilea zendu zen, bihotzekoak jota. Eta Logroñon (Errioxa) Oiongo gazte bat hil zen hilaren 4an.
-
Aurtengo istripu hilgarriak
Basauri: Beste langile bat hil zen atzo, urteko bosgarrena, hareazko molde pisutsu bat gainera erorita. 37 urte zeuzkan, eta Guivisan zebilen lanean.
Uharte: Hilaren 12an, 24 urteko gazte bat zendu zen, igogailu batek zapalduta. Perukoa zen eta Iruñean bizi zen, Nafarroako Gobernuaren arabera.
Mungia: Elektrokutatuta hil zen J.L.B.P behargina, orain astebete. Asteko SL garbiketa enpresako langilea zen; gela bat txukuntzen ari zen. 42 urte zeuzkan.
Azpeitia: Elektrokutatuta hil zen langile bat hilaren 4an, laster ateak zabalduko dituen egur lantegi handi batean koadro elektrikoa jartzen ari zela.
Andoain: Urtarrilaren 3an, Andoainen beste langile bat zendu zen, bihotzekoak jota.