Uztailaren 7an Londresko atentatuetan bezainbeste langile hil dira aurten Euskal Herrian lanean ari zirela. Urtea hasi zenetik ekainera bitartean Hegoaldean 57 langile zendu dira, Osalanen eta Nafarroako Lan Osasunaren Erakundearen arabera, baina gehiago ere izango dira ziurrenik. Astelehenean bertan 32 urteko Ignacio S. B. zendu zen elektrokutatuta Loiun; eta atzo istripua izan zuen Bermeoko J.A.B.U.-k, eskailera batetik erorita.
Inork ez du erantzukizunik bere gain hartzen, baina ia hiru egunetik behin langile batek bizia galdu du aurten, eta egunero 190 lan istripu izan dira. Iazko apalaldi itxaropentsua erabat baztertu, eta 2004an baino %58,3 behargin gehiago zendu dira aurten. Era berean, %25,56 lan istripu gehiago gertatu dira. Nafarroak izan du bilakaera eskasena nahiz eta datuak maiatzera bitartekoak izan. Hirukoiztu egin dira lan heriotzak, eta %80,93 istripu gehiago izan dituzte herrialdeko beharginek. Araban ere nabarmen igo da beharrean gertatutako heriotzen kopurua: 2004ko lehen seihilekoan lau beharginek galdu zuten bizia, hamarrek aurten. Industriako lan heriotzak bikoiztu egin dira, baina eraikuntzak marka txar hori gainditu du. Hirukoiztu egin da zendutakoen kopurua, eta 13 heriotzaraino iritsi da. Era berean, industrian eta zerbitzuetan izan dira istripu larrien erdia baino gehiago. Zerbitzuetan zendu dira langile gehien, iaz bezala, 14. Baina ezin lanera bideko ezbeharrak ahaztu. Hiru mila langilek baino gehiagok istripua izan dute beharrera bidean; horietako 42 istripu larriak izan dira, eta 14 langilek bizia galdu dute, iaz baino lau gehiagok.
Inbertsioak kontrolatzen
Iragan abenduan Eusko Jaurlaritzak egindako adierazpen «triunfalistak» gaitzetsi ditu Luis Miguel Saenz ELAko Lan Osasuneko arduradunak. Oroitu duenez, Lakua pozik agertu zen orduan, 2002ko eta 2003ko 105 heriotzak 73ra jaitsi zirelako. «Zer gertatzen da iaz 100 langile hil baziren eta aurten 80, ondo goazela ala?».
Hausnarketa bestelakoa dela iritzi dio Saenzek. berria-ri azaldu dionez, estatistika borrokak alde batera utzi, eta enpresek egindako urratsak aztertu behar dira, eta bere hitzetan, hori dirutan egiterik badago. Hain justu, urteko kontuetan segurtasunera zenbat euro bideratuko dituzten zehaztu behar dute enpresaburuek, «baina jarraipen hori egiteko konpromisoa ez du inork hartu». Horiek guztiak bete ezean, ezbeharrak «zoriak» erabakiko dituela iragarri du. Eraikuntzako segurtasun gabezia arbuiatu du. Obra batean azpikontratatutako enpresak 12 inguru izan daitezkeela azpimarratu, eta sarritan, heriotzak iragartzeko modukoak direla salatu du. Bergaran hildako gazte baten heriotza ekarri du gogora. «Algodonera jantzigintza enpresako lantegi bat botatzeko 38 tonako garabia jarri zioten, jakinda azpian bobedak zeudela, eta agian lurrak ez ziola eutsiko». Garabi azpian harrapatuta hil zen.Administrazioari enpresaburuen «konplize» izatea egotzi dio Garbiñe Aranburu LABeko Lan Osasuneko arduradunak. «Enpresaburuak legeak betetzen ez dituenean Administrazioak ez ditu neurri zigortzaileak hartzen». Konpainiek sarritan isunak ordaintzea nahiago dutela ohartarazi du, eta kultura prebentibo falta salatu du.
Gizarte mobilizazio gutxi
Prebentzio kultura falta dela, eta eredu osoa kolokan dagoela azaldu du Aranburuk. «Gizarte mobilizazio handiagoa behar da, badirudi lan ezbeharrena nahiko erraz pasatzen uzten den kontua dela». Emakumeen aurkako indarkeria dela eta, gizartearen portaera eredu hartu eta lan istripuekin jarrera bera errepikatu dadila nahi du.
Era berean, eraikuntzan ez ezik, garraioan etorkin kopuru handia dago, eta hori «guztiz lotuta» dago istripu tasa handiarekin. Baldintza kaskarrak nahiz formakuntza falta salatu ditu.«Loteriak» ere alde txarra baduenez, aurten horixe nagusitzen ari delaazpimarratu du CCOOko Lan Osasuneko arduradun Jesus Uzkudunek. Euskal Herrian lan ezbeharrak desager daitezen urratsik egiten ez dela salatu du, eta ELAri «konpromisorik hartu nahi ez» izatea egotzi dio, «soilik salatu». Halaber, ELAren «gatibu» izatea leporatu dio Eusko Jaurlaritzari.«Denok elkartuta borrokatzea» behar dela azpimarratu du, eta behargin bat hiltzen den aldiro, sindikatuek lelo ezberdinekin protesta egitea «irrigarria» dela aitortu du. Horiek horrela, fiskaltzak eta epaileek jada erantzukizun handia dutela uste du, eta isunak eta kartzela zigorrak jarri ditzaten nahi du. «Hemen biktima batzuk daude, eta erantzukizunak ere bai».
LAN ISTRIPUAK. Zori txarra lanean
Hego Euskal Herrian 2004an baino %58 langile gehiago hil dira ekainera bitartean, eta egunero 190 istripu izan dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu