Lan istripuan hil dira garabilari bat Gasteizen eta artzain bat Fontellasen

Aurten Euskal Herrian 97 langile hil dira lan istripuetan, LAB sindikatuaren kalkuluen arabera

ERREDAKZIOA DONOSTIA
2008ko azaroaren 27a
00:00
Entzun
24 urteko R.C.J. langilea hil zen herenegun URSSAk Gasteizen dituen bi lantegietako batean, garabi batekin lanean ari zela metalezko xafla bat gainera erori ostean; atzo, berriz, artzain bat hil zen Fontellasen, trenbidea gurutzatzen ari zela trenak harrapatuta. LABen arabera, aurten Euskal Herrian 97 langile hil dira lan istripuetan.

Gasteizko istripua herenegun 17:45ean gertatu zen. Langilea enpresaren barruko zelai batean ari zen lanean, bakarrik, eta ez dago istripuaren lekukorik. Elektroimanen bitartez funtzionatzen duen garabi batekin metalezko xafla bat heldu zuen, baina xafla gainera erori zitzaion, oraindik argitu ez diren arrazoiengatik. Kolpeak zauri larriak eragin zizkion, eta R.C.J. beranduago hil zen, ospitalean.

Hildako langileak zortzi hilabete zeramatzan Mondragon taldeko URSSAn lanean. Enpresa horretan aurten hil den hirugarren langilea da. Bi langile lantegian bertan hil dira, eta beste bat, berriz, in itinere, hau da, etxetik lantokira edo lantokitik etxera bidean.

Argibide eske

Hildako langilea UGTko afiliatua zen, eta UGTk, heriotza salatzeaz gain, istripuaren arrazoiak argitzeko eskatu du: «Segurtasun neurriak falta baziren, erantzukizunak argitu beharko dira». LABek, berriz, uste du ez enpresak, ez lan ikuskaritzak, ez Jaurlaritzako Lan Sailak ez dutela «ahaleginik txikiena ere» egin langile gehiagoren heriotza saihesteko.

LABek kontzentrazioa antolatu du biharko Gasteizen, herenegungo lan istripua salatzeko. URSSAren aurrean egingo dute, 12:00etan,

Nafarroako lan istripua atzo 15:22an gertatu zen, Castejon eta Zaragoza (Aragoi, Espainia) arteko trenbidearen 70. kilometroan, Fontellasen. Artzaina artaldearekin trenbidea gurutzatzen ari zela trenak harrapatu zuen. Artzainaz gain, bere artaldeko 80-100 ardi ere hil ziren istripuan.

Anbulantzia bertara iritsi zenerako artzaina hilda zegoen. Gorpua Nafarroako Auzi Medikuntzako Institutura eraman zuten, autopsia egiteko.





############
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.