Iaz 48 langile hil ziren lan istripuan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 2007an baino hiru gutxiago, Osalanen datuen arabera. Lesio larriak eragin zituzten kasuak ere murriztu egin ziren, 335etik 275era, hau da, %17,9 gutxiago.
ELAk datuak manipulatzea eta errealitatea desitxuratzea leporatu dio Osalani. Etxetik lanera edo lanetik etxera bidean gertatzen diren istripuak aintzat ez hartzea egotzi dio. Sindikatuak dio, datu ofizialak aipatuz, lan istripuak %7,08 hazi zirela 2007tik 2008ra eta hildakoak eragin zituzten istripuak, berriz, %10,71.
«Osalanek bere erantzukizuna saihesteko manipulatu ditu bere datuak», esan du ELAk. «Datuak bere alde jarri ditu, bere politikak eta neurriak eraginkorrak direla pentsatzeko». Datuak, hala ere, «asaldagarriak» direla nabarmendu du ELAk: iaz Euskal Herrian ehun langile baino gehiago hil ziren lan istripuetan.
Hildako bat, hiru protesta
Astelehenean hil zen aurtengo azkena, Azpeitiko Urrestilla auzoan (Gipuzkoa): Jose Antonio Zendoia. Aldamio batean lanean ari zela erori zen, sei metrotik. Sindikatuek ez diote erantzun bateratua eman heriotza horri: ELAk eta CCOOk atzo egin zituzten kontzentrazioak, Azpeitian eta Donostian, hurrenez hurren; LABek, berriz, bihar egingo du, 12:00etan, enpresaren aurrean.
Lan istripuen datuak manipulatzea leporatu dio ELAk Osalani
Errealitatea desitxuratu eta bere politikak eraginkorrak direla pentsarazi nahi duela uste du sindikatuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu