Lan ituna berritzearen alde egin dute CAFeko langileek

1.306 langilek bozkatu dute zuzendaritzaren proposamenaren alde, eta 121ek aurka.

CAF
CAFen Beasaingo lantegia, artxiboko irudi batean. JON URBE / FOKU
inaut matauko rada
2023ko abenduaren 12a
17:45
Entzun

Sindikatuek egin ostean, CAFeko langileek ere baiezkoa eman diote enpresako zuzendaritzak lan ituna berritzeko aurkeztutako proposamenari. Beasaingo (Gipuzkoa), Irungo (Gipuzkoa) eta Madrilgo lantegietan egin dute bozketa, eta guztietan eman diote baiezkoa.

1.306 langilek egin dute zuzendaritzaren proposamenaren alde, eta 121ek aurka. 26k zuri bozkatu dute, eta zazpi boto baliogabe izan dira. ELAren datuen arabera, Beasaingo eta Irungo lantegietan 3.000 langile inguru aritzen dira lanean.

LAB eta ELA sindikatuek emaitza ospatu dute, langileei hobekuntzak ekarriko dizkielakoan. KPIaren araberako soldata igoerak bermatuta izango dituzte langileek, eta lanaldia ere murriztuko diete. Bestalde, finko egingo dituzte 390 langile. Borrokaren garrantzia azpimarratu dute sindikatu biek, hainbat lanuzte egin baitituzte azkenaldian.

Baiezkoa inbertsioari

2016tik Beasaingo lantegian erabili gabe dagoen orube batean egingo duten inbertsioari dagokio hitzarmenaren beste puntuetako bat. Bederatzi milioi euro inbertituko dituzte, orube horretan probetarako pabiloi bat eraikitzeko.

CAFek altzairutegi bat zuen Beasainen, baina 2016an itzali zituzten labeak, ekoizpen kostuak handiegiak zirela argudiatuta. 2017an, hango makineria Marokoko Soma Steel altzairutegiari saldu zioten, bi milioi euroren truke. Ordutik erabili gabe egon da lursail hori.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.