CCOOk defenditutako lan itunak irabazi zuen atzoko VWko erreferenduma. 1.232 langilek bozkatu zuten CCOOren proposamenaren alde, langileriaren %30,61ek.
Horrek, etorkizunean VWn normaltasunez lan egin ahal izateko bidea ireki duela iritzi dio CCOOko ordezkari Raul Villarrek. «Gatazka gaindituko dugu lan itun honekin, eta etorkizunean normaltasunez hitz egin ahal izango dugu». Villarrek langileen parte-hartzea eskertu nahi izan zuen, eta lan itun horrekin euren eskubideak babesturik egongo direla esan zuen. «Langileek errespetua behar dute, eta lan itun honekin beren eskubideak egoki defenditu ahal izango dira».
Dena den, alde gutxigatik irabazi zuen CCOOren proposamenak, UGTri 1.072 langilek eman baitzioten babesa, VWeko langileriaren %26,63k.
ABSTENTZIO «HANDIA». Erreferendumean parte ez hartzeko eskatu zuten, bestalde, LABek eta CGTk, eta galdetegian izandako «abstentzio handia» nabarmendu zuten. Langileen %39,95ek ez zuten erreferendumean parte hartu, eta hori kopuru «handia» dela iritzi dio LABeko ordezkari Benito Utergak. «Bozkatzera joan ez den jendeak sinesgarritasuna kendu dio erreferendum honi». Esan zuenez, galdetegia korrika eta presaka antolatu zuten, eta langileei ez zieten pentsatzeko astirik eman. «Erreferenduma datorren astean izan balitz, seguru emaitza aldatu egingo litzatekeela». Bere iritziz, gainera, galdetegi horrek zuzendaritzaren garaipena berretsi egin zuen. «Guri ez digute gure proposamena planteatzen utzi, eta langileriaren abstentzioak eman duen erantzuna eman du».
Iritzi bertsua du CGTko ordezkari Patxi Sanzek ere, eta abstentzioa «garrantzitsua» dela esan arren, kopuru hori kontuan hartuko ez dutela salatu zuen. «Gaur atera den lan ituna jarriko dute indarrean, ez dute inolaz ere bozkatzera joan ez direnen kopurua kontuan hartuko». Horrela, CCOOen proposamena lau langileetatik batek babesten dutela azpimarratu zuen.
Guztira, 4.025 langilek zuten boza emateko eskubidea, eta horietatik 2.417k eman zuten, langileria osoaren %60,05ek. Hala, boza eman zutenetatik, 37 baliogabeak izan ziren, eta 69, berriz, zuriak izan ziren.
LAN GATAZKA
Lan ituna sinatu dute VWeko langileek
Gaur onartu dute Nafarroako Volkswagen enpresako langileek lan hitzarmena, 19 hilabeteko gatazkaren ondoren. Ituna 2007ko martxoaren 31a arte egongo da indarrean. Atzo egin zuten CCOOren eta UGTren lan itunen artean aukera egiteko erreferenduma eta CCOOk defenditutakoa izan zen babestuena. Akordioa goizeko 9:00ak inguruan sinatu dute UGT, CCOO eta CC sindikatuek. LAB eta CGT sindikatuak ez dute akordioa babestu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu