Hego Euskal Herriko langile asko lan itunik gabe ari dira lanean. Azken hiru urteotan oso hitzarmen gutxi sinatu dituzte, eta egin direnak «konfrontazio gogorren ondoren», Garbiñe Aranburu LABeko ekintza sindikaleko arduradunaren esanetan. «Sindikatuok erantzukizunez jokatzen ari gara, krisi garaira egokitutako eskaerak egiten. Soldatak KPI baino gehiago igotzea eta, ahal den lekuetan, hobekuntza sozial batzuk egitea besterik ez dugu eskatzen». Baina alferrik, patronalaren jarrera «itxiak» akordio oro oztopatzen duelako.
«Blokeo» egoera horri, gainera, Espainian hitzartu duten negoziazio kolektiboaren erreformaren ondorioak gehitu behar zaizkio. Erreforma horrek, besteren artean, Espainiako itunak eta enpresetako lan itunak lehenesten ditu, herrialdeko eta autonomia erkidegoko itunen gainetik. Aldaketa horiek euskal langileentzat «hondamendia» izango direla iritzi dio Aranburuk, Espainiako hitzarmenak hemengoak baino askoz kaskarragoak direlako eta hamar langiletatik bederatzik enpresa txiki eta ertainetan lan egiten dutelako, beste hitzarmenik egiteko aukerarik gabe.
Horiek hala, datorren urtera begira, bi lehentasun jarri ditu LABek: aurrenekoa, «blokeo» egoera hausteko estrategia eraginkorragoa indarrean jarri eta patronalarekin akordiotara iristea; bigarrena, gainontzeko sindikatuekin, patronalarekin eta instituzioekin akordio bat egitea Espainiako erreformari aurre egin eta Euskal Herrian hitzartzen direnitunei lehentasuna emateko.
Langabeziaren kontra
Lan itunak negoziatzeko garaian, lana eta aberastasuna banatzeko neurriak defendatuko ditu LABek, krisiaren ondorioak gainditzeko bide bakarra dela uste duelako. Soldatak produktibitateari lotzeko eta enpresetako malgutasuna handitzeko patronalaren eskakizunei, aldiz, ezezko argia emango diela aurreratu du Ainhoa Etxaide sindikatuko idazkari nagusiak. «Hiru urte daramatzate lanaldia luzatzen, soldatak jaisten...funtsean, langileen eskubideak murrizten, eta ez du ezertarako balio izan. Krisia ez badute langileen lan lan baldintzek eragin, baldintza horiek okertzeak ez du krisia konponduko».
Lana banatzeko, lanaldia moztea defendatuko du LABek; aberastasuna banatzeko, berriz soldatak igotzea eta gainontzeko lan baldintzak hobetzea. Neurri horiek lanaren kostuak handituko dituztela jakitun, Etxaidek adierazi du kostuak handitzeak ez daukala zertan txarra izanik eta orain arte ez dutela enpresarik itxi lanaren kostuak handitzeagatik bakarrik. «Enpleguan eta langileetan inbertituko duen enpresa eredua nahi dugu».
Erreformaren kontra
LABeko idazkari nagusiaren arabera, Madrilen adostu duten negoziazio kolektiboaren erreformak «ez du ezertarako balio, ez dituelako ez langileen ez enpresaburuen beharrak asetzen». Beraz, inorentzat baliagarria ez bada, bertan behera utzi beharko litzatekeela esan du. Lan harremanetarako eredu berri baten beharra nabarmendu du Etxaidek. «Horretan guztiok ados gaude: guk diogu egungo ereduak ez dituela langileen eskubideak bermatzen, patronalak dio erebat zaharkituta gelditu dela eta instituzioek diote enplegua sortzeko lan merkatuaren erreforma egin behar dela». Horrenbestez, guztiak ados daudenez, negoziazio kolektiboa baliatuta lan harremanetarako eredu berri bat eraikitzeko negoziazioak hastearen alde azaldu da Etxaide.
Bukatzeko, azaroaren 20ko hauteskundeen ostean Espainiako Parlamentuan ordezkaritza izan dezaketen euskal alderdi politikoei eskatu die lehenbailehen argitzeko negoziazio kolektiboaren erreformaren inguruan hartuko duten jarrera, aste batzuk barru Parlamentuko tramitea igaro beharko du erreforma horrek. «Orain artekoek bizkarra eman digute», EAJk, abstentzioarekin, erreforma guztiak aurrera ateratzea ahalbidetu duelako.
Lan itunen euskal esparruari eusteko akordioa egitea proposatu du LABek
Espainiako itunak lehenesten dituen erreforma euskal langileentzat «hondamendia» litzatekeela dioErreformaren inguruan duten jarrera argitzeko eskatu die alderdi politikoei
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu