Soldatak

Lan kostuak %7,7 jaitsi dira urteko lehen hiruhilekoan, erregulazioen ondorioz

Soldataren kostua 2.199,66 eurokoa da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta 2006,14koa Nafarroan. Bietan %1,8 igo da urte arteko tasan.

Behargin bat lanean, Bilbon. LUIS TEJIDO / EFE
xabier martin
2020ko ekainaren 16a
11:33
Entzun

Martxoaren 15ean Espainiako Gobernuak ezarritako alarma egoerak eragin nabarmena izan du lan kostuen seriean, aldi baterako erregulazioen ondorioak islatu baitira erakusle horretan, INE institutuak emandako datuen arabera. Hala, 2020. urteko lehen hiruhilekoan %7,7 jaitsi dira lan kostuak Jaurlaritzaren eskumeneko hiru lurraldeetan, aurreko hiruhilekoarekin alderatuta. Urte arteko tasan, ordea, %2,1 egin dute gora. 3.017, 54 eurokoa da lan kostua, soldata eta Gizarte Segurantzaren kotizazioak kontuan hartzen dituena. Nafarroan, berriz, 2.763,18koa izan da urtarriletik martxora, iazko epe berean baino %2,3 handiagoa.

Soldataren kostuari erreparatuz gero, kotizazioak kenduta, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 2.199,66 eurokoa izan da martxoan; urte hasieratik %1,8 igo da. Beste horrenbeste igo da soldata Nafarroan azken hiru hilabeteetan, eta 2.006,14 euroan finkatu da kostu hori. Gizarte Segurantzari enpresek egiten dizkieten kotizazioei begira, berriz, %2,9 igo dira urte arteko tasan, 817,88 eurora arte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta 757,04 eurora arte Nafarroan, %3,7ko igoerarekin.

Lanaldiak eta kostuak orduko

Horiek horrela, Gasteizko gobernuak kudeatzen dituen hiru lurraldeetan 24,38 eurokoa da orduko soldataren kostua, %6,5 handiagoa iazko lehen hiruhilekoaren aldean. Nafarroan 21,68 eurokoa da kostu hori, %5,3 handiagoa. INEk dio martxoan 145,3 orduko lanaldia adostu dela hitzarmenetan, lanaldi osoko eta lanaldi partzialeko langile guztiak kontuan hartuta, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Lanaldi hori 148 ordukoa da Nafarroan. Benetan lan egindako orduak, ordea, 123,8 eta 127,5 izan dira, hurrenez hurren.

Aldi baterako erregulazioan egon diren eta oraindik dauden dozenaka milaka langilek ez dute soldataren kostutik jaso lansaria, SEPEren langabeziatik baizik, eta enpresek ez dute kotizaziorik pagatu haiengatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.