Araba, Bizkai eta Gipuzkoako enpresarien elkartea eta koalizio subiranista ordu eta erdiz batzartu dira. Indar politikoekin izan ohi duen "normaltasun instituzionalaren barruan" kokatu du patronalak bilera; EH Bilduk, berriz, eragile politiko, ekonomiko, sozial eta sindikalekin egiten ari den bilera sortan testuinguratu du.
Duela hilabete, Confebaskek Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariari eman zion Euskal enpresen enplegu eta prestakuntza beharrak 2016rako izeneko txostena. Agiri hori eta lan merkatuaren egoerari buruzko bat EH Bilduri eman dizkio gaur Roberto Larrañaga Confebaskeko presidenteak. EH Bilduk, berriz, egoera ekonomikoa hobetzeko, industria sektorea berritzeko eta kalitatezko enplegua sortzeko proposamenak helarazi dizkio.
Larrañagarekin batera, Eduardo Aretxaga Confebaskeko zuzendaria eta Jon Bilbao Departamentu Juridiko-Laboraleko arduraduna izan dira bileran patronalaren aldetik. EH Bilduren izenean, berriz, Hasier Arraiz, Pello Urizar eta Belen Arrondo legebiltzarkideak joan dira.
Batzarra "adeitasunez" baina "kontrako ikuspuntuekin" egin dute.