Nazioarteko egunean bilkura isilak egin ziren lantokien aurrean, lan istripuen arazoari «benetan aurre egiteko politika eraginkorrak» exigituz. Asko eta asko 150 zenbakia idatzia zuen pankarta beltzekin atera ziren kalera; iaz lan istripuan Hego Euskal Herrian hil ziren lagunen kopurua erakusten, alegia. Aldarrikapenak antzekoak izan arren, ez ziren denak elkarrekin atera. ELA, LAB, ESK, CGT eta EILAS Iruñean, Bilbon eta Donostian elkartu ziren. Iruñeko Sarasate pasealekuan,euria leher ari zuela, 200 bat lagun bildu zen Patronalak, Administrazioak, prekarietateak: 150 hildako 2003. urtean leloa idatzita zuen pankarta beltzaren atzean. Elkarretaratzean zeuden Jose Elorrieta eta Rafa Diez, hurrenez hurren, ELA eta LABeko idazkari nagusiak. «Lan osasunean Europan azkenetakoak gara», salatu zuen Elorrietak eta legea betetzea exijitu zuen. «Enpresen %40ak ez du legea betetzen. Arazoa ez da lege gehiago egitea, dagoena betetzea baizik», erantsi zuen.
«Enpresaburuen eta admistrazioaren utzikeria»
Istripu batzuk halabeharrez gertatzen direla onartu zuen ELAko idazkari nagusiak, baina beste asko delituak direla salatu zuen. «Ezbehar asko enpresaburuen eta Administrazioaren utzikeriaz gertatzen dira, eta, horregatik, funtsezkoa da legea betetzea». Gainera, lan segurtasunari buruzko araudia aplikatzea eskatu zien enpresaburuei. Administrazioak legedia betetzen ez duten enpresaburuak zigortu beharko lituzkeela iritzi zion.
Rafa Diez LABeko idazkariaren esanetan, lan istripuak «etengabeko bortizkeria zuria dira», eta «eguneroko odol jario hori onartezina» dela gaineratu zuen. Diezek laneko behin behinekotasuna eta ezbeharrak uztartu zituen. «Lan istripuak %2,5 gehiago dira behin behineko kontratuak dituzten gazteen artean», azaldu zuen.CCOOk eta UGTk, berriz, Bilbon eta Iruñean salatu zituzten, lan istripuak. Bizkaiko hiriburuan norberak bere aldetik, eta Iruñean elkarrekin. UGTk Confebask erakundearen aurrean bildu zituen ordezkariak eta CCOOk manifestazioa egin zuen. Biek ala biek salaketa bera egin zuten eta prekarietatearekin bukatzeko deia egin zuten. «Prekarietateak lan istripuak dakartza eta enpresetan ezinbestekoa da segurtasun neurriak betetzea», esan zuen Josu Onaindi EAEko CCOOko idazkariak.Iruñean berriz, bi sindikatuek Zaragoza Etorbidean duten egoitzaren atarian elkartu ziren Lan istripuak, aski da leloa zuen pankartaren atzean. Jose Antonio Cabrero Nafarroako UGTko buruak lan istripuen erantzule egin zuen enpresaburua. «Istripuen erantzuleak, lehenik, legea betetzen ez duten enpresariak dira, eta ondoren, Administrazioa, lege hausteak onartzeagatik», adierazi zuen.Bestalde, hogei bat lagun bildu ziren atzo arratsaldean Baionako CPAMen (Eritasun aseguruaren kutxa) egoitzaren aitzinean, LABek deiturik.Bilbon, Duina taldeak, LABek eta Elkartzenek deituta, 150 lagun bildu ziren 19:30ean. Hileta bat antzeztu zuten.
-
Datua
152
Lan istripuak Hego Euskal Herrian: Datu ofizialen arabera, 136 langilek galdu zuten iaz bizitza lanean ari ziren bitartean eta lanerako bidean. Hala ere, estatistiketatik kanpo geratzen dira langile autonomoak, eta 2003an «gutxienez» lan istripuan hil ziren 16 autonomoak gehituz gero, 152ra igotzen da kopurua.