Lan politiken itunarekin Jaurlaritzak dirua galduko duela salatu du ELAk

Muñozek esan du transferentziarekin Gasteiz Madrilen erabakitzen dutenaren «kudeatzaile hutsa» izango dela. Eskumenaren emaitza negatiboa izan daitekeela aitortu du lehendakariak

Mikel Carramiñana.
Bilbo
2010eko urriaren 2a
00:00
Entzun
Enplegu politika pasiboei uko egin eta aktiboen eskumena eskuratzean, EAJk eta Eusko Jaurlaritzak Gernikako Estatutuaren eta Kontzertu Ekonomikoaren oinarriak hautsi dituzte. Hala uste du ELAk jeltzaleek eta Zapaterok negoziatutako ituna aztertu ondoren. Adolfo Muñozen ustez, eskumen honetan «ezkutukeria eta itxurakeriak» izan dira nagusi, eta, edukiei erreparatuz, enplegu politikak eskualdatu dituztela ukatu du: «Estatuak erabakiko duenaren kudeatzaile hutsa besterik ez dira izango».

Akordioak, beraz, Eusko Jaurlaritzak enplegu politika propioak egitea galaraziko du. Sindikatuko idazkari nagusiaren esanetan, orain «Euskadi Espainian are gehiago txertatu» dute, eta negoziazioaren garaile nagusia Zapatero izan da: «Lopez jokoz kanpo utzi izanagatik, ez da akordio ona; horretan eta beste hainbat kontutan dago jokoz kanpo lehendakaria».

Lopezen aurreko Eusko Jaurlaritza guztiek izandako «jarrera komuna desegin» dute orain, eta autogobernuari kaltea ekartzeaz gain, aurrekontuetan ere transferentziak eragin negatiboa izango duela ohartarazi du Mikel Noval ELAkopolitika sozialeko arduradunak. Izan ere, enpresaburuek jasotzen dituzten hobarien kudeaketak «galera ekonomikoak» eragingo dizkio Lakuari.

Muñoz eta Novalekin batera, ELAko ikerketa bulegoko Janire Dominguezek hartu zuen parte atzo, Bilbon, lan politiken eskualdatzearen inguruan sindikatuak eginiko txostena aurkezteko agerraldian.

Porrot egin duen eredua

EAJk eta PSOEk eginiko akordioak, halaber, Kontzertu Ekonomikoak zehaztutako finantziazio irizpideak apurtuko dituela ohartarazi du Muñozek. Enplegu politiken barruan, kotizazioak biltzeko eta langabezia sariak kudeatzeko ahalmena ere lortu beharra zegoelako, hain zuzen ere.

Transferentzia honek langabezia gutxitzeko baliorik ez duela izango ziurtatu dute, «dirua porrot egin duen ereduan gastatzeko esan digute, langabe gehien sortu dituen horretan». Era berean, enpresaburuen hobariek «lanpostu bakar bat ere ez» dutela sortuko nabarmendu du Novalek. Elkarrizketa sozialean parte hartzen dutenen artean banatzeko, alabaina, haien artean «oso eskuzabalak» izango dira. Eskumena lortzearen truke, bestalde, EAJri Europako Batasuneko aurrekonturik «antisozialenak» babestea egotzi diote.

Popularren kezkak

Sindikalgintzak eginiko salaketa zuzena dela ondorioztatzen da Patxi Lopezek atzo esandakoaren arabera. Izan ere, lehendakariak aitortu du enplegu politiken eskualdatzeak emaitza negatiboa izan dezakeela Euskal Autonomia Erkidegoarentzat. Edonola ere, oraindik datu zehatzik ez dagoela ziurtatu du, emaitzak Gizarte Segurantzaren Altxortegiak emango dituelako enpresaburuei emandako hobarien zenbatekoa aztertu ondoren. Emaitza negatiboa izango balitz ere, eskumena ez duela geldiaraziko ziurtatu du.

Kontrakoa eskatu du PPk eta, horregatik, Euskadirentzat kaltegarria izanez gero transferentzia berriz negoziatzeko galdegin dio Leopoldo Barreda PPko bozeramaileak Lopez lehendakariari. Horrez gain, eskumenaren benetako balioa argitzea nahi du, «EAJk eta Zapaterok negoziatzen duten guztietan euskaldunok gehiago ordaindu behar dugulako».



Argigarriak

Enplegu politika aktiboen eskumena aztertuta, ELAk honako ondorioak atera ditu:

Enplegu politikak eskualdatuko al dira? Ez, politika horien irizpideak ezartzeko ahalmenik ez duelako izango Eusko Jaurlaritzak, kudeatu baino ez ditu egingo. Erabakitzeko ahalmenak Madrilen jarraituko du.

Langileen kotizazioak Gasteizek kudeatuko al ditu? Ez, soldaten %0,7 enplegu eta trebakuntzarako doa, baina Espainiako Gobernuak biltzen segituko du Gizarte Segurantzaren bidez. Kontzertu Ekonomikoaren oinarriaren aurka doa.

Zer gertatuko da EAEko kotizazioekin? Kasurik onenean, Espainian bildutakoaren %6,24 emango diote Jaurlaritzari, baina hori kotizazio guztien zati bat besterik ez da. Horrek galera ekonomikoa dakar Lakuarentzat.

Langabezia sariaren kudeaketa eskualdatu al da? Ez, enplegu politika pasiboak kudeatzeari uko egin zaio, langabezia sariari zein gainerako laguntzei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.