Krisia igaro izanaren sentsazioarekin eman ditu gaur goizean ASLE Euskadiko Lan Sozietateen Elkarteak 2014ko datuak. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 659 lan sozietateek (horietatik 288 daude ASLEren barruan) enplegua sortu zuten iaz, eta horien fakturazioak ere gora egin zuen. Hain zuzen, %2,7 eta %3,2ko hazkundea izan zuten, hurrenez hurren. “Euskadi osoan izandako enplegu hazkundetik [%0,3] oso gainetik”, azaldu du Josetxo Hernandez ASLEko kudeatzaileak.
Krisia hasi zenetik 2.000 lanpostu galdu dituzte elkarteko enpresek, baina iaz kontrara gertatu zen. 143 lanpostu sortu zituzten, eta une honetan 6.648 langile dituzte lan sozietateek —langileak jabe diren enpresak dira lan sozietateak—. Horien %82,2k ASLEren barruan dagoen enpresa batean lan egiten dute. “2013an hondoa jo genuen, eta 2014an susperraldia egiazkoa izan zela ikusi genuen”.
Enplegua hazi bada, fakturazioa ere hobetu duten seinale. ASLEren barnean dauden enpresek 578 milioi euroren diru sarrerak izan zituzten, eta 2010eko salmentetara hurbildu direla zehaztu dute. Hori horrela izan dadin bi faktore hartu ditu kontuan Hernandezek: Espainiako merkatua suspertu izana, batetik, eta esportazioek bere horretan eustea, bestetik. “Horrez gain, langileko errentagarritasun ratioa ere hobetu egin da”.
Datu ekonomiko positiboez gain, ASLEk iaz 28 lan sozietate sortzen lagundu zuen. Horietatik hamasei hainbat krisialdi edo hartzekodunen konkurtsora joandako enpresak izan ziren. Esaterako, horien artean leudeke Azpeitiko ISEQ (lehengo Grumal Fagor) eta Azkue Muebles y Maderas. “Hartzekodunen lehiaketan dagoen enpresa erosten duten langileen antolakuntzaren bitartez, lan sozietate bihurtuta bideragarriak diren proiektuak sortzen dira”, azaldu du Carlos Pujana elkarteko presidenteak.