Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 37 lan erregulazio dosier izenpetu zituzten azaroan. Urrian baino %35 gehiago, baina iaz hilabete berean baino %42 gutxiago. Eusko Jaurlaritzako Enplegu Sailak emandako datuen arabera, 346 langileri eragin diete dosierrek. Horietatik 243ri behin-behinean kontratua eten diete; 69ri lanaldia murriztu diete; beste 34ak, berriz, kaleratu egin dituzte.
Sektorez sektore begiratuta, aurreko hilabeteetako joerari eutsi diote datuek. Zerbitzuen sektorean egon ziren lan erregulazio espediente gehien (%45,3); industria sektorean izan dira %39, eta eraikuntzan %15,2. Lehen sektorean, berriz, azaroan ez zen erregulazio dosierrik sinatu. Egun, 519 espediente daude indarrean, eta 5.452 langileri baino gehiagori eragiten diete. Jaurlaritzak, orotara, 620 erregulazio dosier jaso ditu 2015ean.