Ekonomia

Lanaldi partzialean aritutako 50 emakumek baino gehiagok eskatu dute pentsioak berrikusteko

LAB sindikatuak pauso bera ematera deitu ditu emakumeak, eta epaitegietara iristeko prest dagoela aurreratu.

Eskaera egin dute emakumeetako batzuk, Gizarte Segurantzak Bilboko Kale Nagusian duen bulegoaren aurrean. I. M. E.
Imanol Magro Eizmendi.
2019ko azaroaren 21a
15:31
Entzun

Lanaldi partzialean aritutako 50 emakumek baino gehiagok euren pentsioa berrikusteko eskatu dute dagoeneko, eta gaur beste hogei inguruk eman dute pausoa Gizarte Segurantzak Bilboko Kale Nagusian duen bulegoan. LAB sindikatuak duela hilabete hasitako ekinbidearen beste pauso bat izan da. «Jendaurrean egin nahi izan dugu, egoera berean dauden beste emakume batzuk pausoa ematera anima daitezen», azaldu du Zaloa Ibeas De la Cruz sindikatuko emakume arloko arduradunak. «Guk ezagutzen dugun kopurua da hori, eskaerak banaka egin behar direlako, eta horrek prozesua zaildu egiten du».

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak lanaldi partzialeko pentsioen kalkulua baliogabetu zuen iragan uztailean, Europako Batasunak hala ohartarazi ziolako. Sistema diskriminatzailea dela, hori zen aldaketaren argudio nagusia, lanaldi partzialean ari diren langile emakumeak direlako —Euskal Herrian, %80 inguru—. «Zeharkako sexu diskriminazioa», aipatu zuen ebazpenean. Gauzak horrela Gizarte Segurantzaren Arau Orokorraren artikulu bat aldatu zuen auzitegiak, lanaldi partzialeko langileen pentsioa kalkulatzeko formulan erabiltzen den koefiziente bat ezabatu zuen.

«Emakume hauek lan eginiko egun bakoitza, egun kotizatu gisa aitortua izatea eskatzen dugu. Hori da eskaera», laburbildu du Ibeas de la Cruzek. «Pentsio miserableez ari gara, eta irizpide hauekin are pobreagoak dira». Ez dute lan erraza, baina Auzitegi Konstituzionalak zehaztu zuen neurriak ez duela izango atzerako eraginik. Sindikatuan badakite hori, baina eskaeren erantzunak iristen hasi hala, eta ezezkoak balira, auzitara joateko prest daude.

Kalkulua egiteko modu berria 2019ko abuztutik aurrerako kotizazioetan aplikatuko da, eta, LABek salatu du horretan ere berandu dabilela Gizarte Segurantza. «Lege hori idazteko epea luzatzen ari da, eta horrek diskriminazioa luzatu egiten du».

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.