GATAZKA METALGINTZAN. LANALDIA

Lanaldiaren iraupenak piztu du gatazka metalgintzan

Itunik gabe urtebete pasatu ondoren, sektorean negoziazioak ez aurrera ez atzera daude; Araban sindikatu guztiek grebara deitu dute ostiralerako, eta Bizkaian hilaren 27rako, ELAk izan ezik

Ivan Santamaria.
GASTEIZ
2005eko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
Bigarren urtez ez aurrera ez atzera daude Arabako eta Bizkaiko metalgintzako sektore itunak berritzeko negoziazioak. Joan den urtea akordiorik lortu gabe igaro zen, eta, aurtengoak bide bera duela ikusita, sindikatuek mobilizazioetara joko dute, presio egiteko asmoz: Araban datorren ostiralerako lanuztea deitu dute sindikatu guztiek, eta Bizkaian deialdia hilaren 27rako izango da, baina ELAk, ordezkaritzaren %46 duen sindikatuak, ez du bultzatuko.

Lanaldiaren iraupena da langileen ordezkarien eta patronalaren arteko gatazka nagusia. SEA eta Cebek prest daude soldata igoerak hitzartzeko, betiere aurreikusitako inflaziotik gertu, baina ez dute hitzik entzun nahi gutxiago lan egiteaz. Bizkaiko Metalgintza Enpresen Federazioko presidenteak, Ignacio Saenz de Gorbeak, produkzioaren parte bat atzerrira eramatearekin mehatxatu du sektoreko egoera okertzen baldin bada.Sindikatuek, aldiz, duela zenbait urte 35 orduko lan astearen alde hasitako dinamika ez dute hiltzen utzi nahi, eta oraindik badagoela lanorduak gehiago jaisteko aldea defendatzen dute. Araba da, gainera, metalgintzan lan ordu gehien hitzarturik duen herrialdea, alde handiz (1.735 lan ordu urtero).Enpresaburuen jarrera are gehiago gogortu da aurten lanorduen inguruan. Esaterako, iaz itunak berritu ziren Gipuzkoan eta Nafarroan, eta batean nahiz bestean lanorduak urtez urte jaistea hitzartu zen: hamahiru ordu hiru urteren buruan Gipuzkoan, eta hogei ordu lau urtean Nafarroan. Edonola ere, 35 lan orduko astetik urrun dago sektorea (1.592 urtean).

Sektore ituna indarrean egotearen beharra azpimarratzen dute eragile guztiek. Aldiz, arazo ugari izan dituzte sindikatuek deialdi bateratuak hitzartzeko. Araban, azkenean, bat etorri dira ELA, CCOO, LAB eta UGT, eta egun osoko lanuztea egingo dute ostiral honetan. Metalgintzan 35.000 langile daude Araban, eta hamar langiletik zazpiri, 17.000 ingururi, eragiten die zuzenean herrialdeko sektore itunak. Enpresa guztietan bultzatuko dute deialdia sindikatuek, itun propioa izan edo ez. Igor Urrutikoetxea LAB Metalgintzako arduradunaren ustez, enpresa batek akordio propioa izateak ez du esan nahi sektorekoaren alde borrokatu behar ez denik, «itun propioen erreferentzia argia baita». Hainbat enpresa handitako Langileen Batzordeek dagoeneko lanuztera deitu dute: Mercedes-Benz, Cegasa, Gamesa edo Daewoon, esaterako.

Mobilizazioaren arrakasta bermatzeko asmoz, sindikatuak buru-belarri ari dira lanean lantokiz lantoki. Patronalak, aldiz, jarraipen eskasa iragarri dio deialdiari, ez baitu uste grebarako «girorik» dagoenik. «Enpleguaren eta lan harremanen egoera, batez ere enpresa handietan, nahiko ona da, eta ez dago gatazkarako motibaziorik», argudiatu du Jose Manuel Farto SEAko idazkari nagusiak. Grebaren emaitza edozein izanik ere, dauden ezadostasunak gainditzeko «elkarrizketa eta irudimena» beharrezkoak izango direla uste du.

Bizkaian, ELA deialditik kanpo geratu da

ELAk hiru eguneko greba deialdia proposatu zuen Araban, baina azkenean egun bakarrekoari oniritzia eman zion. Bizkaian, aldiz, ez da gauza bera gertatu. ELAk astebeteko lanuztea eskatu zuen, baina beste eragileek egun bakarreko mobilizazioa hobetsi zuten, gutxieneko plataforma baten inguruan. ELA ez dago ados, eta ez du deialdia bultzatuko.

Dani Gomez ELAko ordezkariak azaldu duenez, arazoa ez dago gutxieneko adostasunean, patronala mugiarazteko estrategia orokorrean baizik. ELAk nahiago du ahal duten sektoreko enpresa guztietan lan hitzarmen propioen aldeko gatazkak piztea, mugimendu hori geldiarazteko patronalak sektore ituna bilatuko duela uste baitu. Horrez gain, ez dute ontzat jotzen deialdia enpresa guztiei egitea. «Lantegi askotan bost edo hamar eguneko grebak egin dituzte enpresa itunaren alde, eta ezin zaie beste sakrifizio bat eskatu».Hala ere, ELAk ez dio maiatzaren 27ko grebari inolako trabarik jarriko, gehiengoak hala erabaki baitu (ELAk %46ko ordezkaritza du sektoreko mahaian, eta beste hiru sindikatuek %54, baturik). Ondorioz, afiliatuen esku utziko du lanuztearekin bat egin edo ez, kalera ateratzea erabakitzen duten enpresetan.Bizkaian 60.000 behargin ditu sektoreak, eta 28.000 dira, gutxi gora behera, lan baldintzak herrialdeko itunaren bidez zuzenean arauturik dituztenak. Urte eta erdi igarotzeak ez ditu jarrerak hurbildu, eta protesten emaitzek garrantzia izango dute datozen urratsak erabakitzerakoan. Sindikatuen arteko aliantza estrategikoen faltak, gainera, akordiorako aukera posibleak biderkatu ditu.

-

Bi eskaintzak aurrez aurre



 

Araba





Sindikatuak: ELA, CCOO, UGT eta LAB sindikatuek plataforma bateratua adostu dute SEArekin negoziatzeko. Hiru urteko iraupena proposatu dute, 2004 urtea barne. Soldatari dagokionez, %4,5eko igoera joan den urterako, eta KPI gehi %2 2005 eta 2006rako. Lanaldia, guztira, 23 ordu murriztea (15 aurten eta zortzi 2006an). Metalgintza sektoreko gutxieneko soldata 14.500 eurotan ezartzea nahi dute lau sindikatu nagusiek. Halaber, lan istripuek %100eko ordain osagarria izatea nahi dute, eta gaixotasunek %90ekoa.

Patronala: SEAk, Arabako Enpresaburuen Elkarteak, bost urterako ituna sinatzeko asmoa azaldu du. Sektoreko gutxieneko soldata 13.407 eurokoa izatea proposatu du. Iaz itunik egon ez zenez, ordain berezi bat ematea onartu du, baina hurrengo igoerak kalkulatzeko baliorik gabekoa. 2005etik 2008ra KPI gehi 0,5eko igoera eskaini du. Lanaldia ez du ordu bakar bat ere murriztu nahi, eta sindikatuen beste eskaerei ezdie erantzun.

bizkaia





Sindikatuak: Bizkaian sindikatu bakoitzak bere plataforma propioa defendatu du. Hala ere, grebaren atarian, gutxieneko puntu batzuk adostu zituzten CCOOk, LABek eta UGTk. Hiru urteko ituna nahi dute (2004 barne). Soldata benetako KPI igotzea joan den urterako (%3,2), eta %1,7 gehi benetako KPI 2005 eta 2006rako. Itunak iraun bitartean lanaldia gutxienez 12 orduz murriztea eskatuko dute, eta %100eko ordain osagarria lan istripuak gertatzerakoan. ELAk ez du bat egin, gutxieneko soldatak eta subrogazioa ezinbestekotzat jotzen dituelako.

Patronala: Bizkaiko Metalgintza Enpresen Federazioak 2005etik 2008 urtea arteko hitzarmena nahi du, eta urtero soldata KPI gehi %0,25 igotzea eskaini du. Ez du lanaldia murrizteari buruz hitz egin nahi. Aldiz, urtero 60 lanegun enpresak nahierara antolatzea eskatu du negoziazio mahaian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.