Ondorio kezkagarriak atera ditu Europako Batzordeak enpleguaren eta gizarte egoeraren garapenari buruz egindako txostenean. Krisiari ekonomikoari jarraituz diru sarreren desoreka, prekarietatea eta txirotasuna handitu dira. Hori dela eta, gastu publikoa murrizteko egun indarrean dauden planekin batera politika sozialak sustatzeko eskatu du Laszlo Andor EBko Enplegu komisarioak. «Elkartasuna, hazkundea eta gizarte kohesioa handitu behar dira», haren ustez.
1. Enpleguaren egoera
Atzeraldiaren joanean sei milioi lanpostu inguru galdu ziren Europako Batasunean. 2011. urteko lehen erdirako, 1,5 milioi enplegu sortzea lortu zuen batasuneko ekonomiak. Haatik, susperraldi hori ia guztiz aldi baterako kontratuetan oinarritu dela nabarmendu du azterketak. Langabeziaren egoera oso ezberdina da herrialdez herrialde. Langabe kopururik txikiena du Austriak (%3,9), eta handiena Espainiak (22,6). Europako 27 herrialdeetan 23,5 milioi langabe daude, populazio aktiboaren %9,5 inguru. 2012. eta 2013. urteetarako egin diren hazkunde aurreikuspenekin ez dela lan merkatua hobetzeko aski izango nabarmendu du Bruselak.
2. Gazte langabeak
Lan merkatuan gazteek duten egoera «bereziki kezkagarria» da, Europako Batzordearen ustez. Bost milioi gazte beharrik gabe daude kontinentean, lan egiteko sasoian dauden bost gazteetatik bat. Batasuneko hamar herrialdetan %25 gainditzen du gazteen langabezia tasak, eta Espainian %48ra iritsi da. Europako Banku Zentralak ordaina gutxieneko soldataren azpitik dituzten «enplegu txikiak» sortzea gomendatu dio Espainiari. Lanpostu horiek — 400 euroko soldatekin — ez direla aukera bakarra ziurtatu du Laszlo Andor EBko Enplegu komisarioak, eta gazte enpleguaren kalitatea hobetzeko neurri multzo zabalago baten barruan kokatuko lituzke.
3. Epe luzeko langabeak
Krisia gogortu aurretik langabeen %30 epe luzekoak ziren. Kopuru hori hamar puntu igo da, eta gaur egun hamarretik lau dira. Joera hori indartzeko aukera dago, EBko txostenaren arabera. «Luzera begira lan merkatutik eta gizartetik baztertua izateko arriskuak nabarmen handitu dira», dio hitzez hitz.
4. Lanpostu hutsak gora
Herrialde gehienetan langabezia tasa handiak irauten ari dira, baina, aldi berean, bete gabeko lanpostuen kopurua handitu da azken urtean. Bete gabeko lanpostuak %1,5 dira EBn. Hots, sei langabe leudeke hutsik dagoen lanpostu bakoitzeko. Bruselaren aburuz, langileek krisiaren aurretik zuten prestakuntzaren eta orain beharrezkoak direnen abilezien arteko desoreka iradokitzen du egoerak, eta politika aktiboak areagotzea eskatu du.
5. Prekarietate gehiago
Aurreko urtearekin alderatuz, EBko 23 herrialdetan kontratu finkoa zuten langileen kopurua jaitsi zen 2010. urtean. Soilik Belgika, Zipre, Luxenburgo eta Suedia libratu ziren.
6. Egitura aldaketa
1998. eta 2007. urteen artean soldata maila guztietako lanpostuak handitu ziren. Hazkunderik handienak, hala ere,soldata txikienak eta handienak dituzten sailetan gertatu ziren. Atzeraldian, ordea, soldata maila guztietako enplegua erori da, diru gehien kobratzen dituztenena izan ezik. Enplegu galera oso esanguratsua izan da soldata ertainetan, eta ordain txikiena duten lanpostu gutxiago ezabatu dira. Orain arte nahiko orekatuak ziren herrialdeetan ere (Ipar Europa) diru sarrerarik handienak eta txikienak dituzten populazio multzoen arteko desoreka handitzen ari da.
7. 115 milioi pobrezian
Diru sarreretan egon daitekeen muturreko ondorioa pobrezia da. 2010. urtean Europako 115 milioi pertsona pobrezia edo gizarte bazterketa jasateko arriskuan zeuden, txostenak emandako datuen arabera. Hamarretik lau, lan egiteko adinean egon arren, aktiboak ez diren pertsonak dira. 65 urtetik gorakoena eta guraso bakarreko familiena arrisku berezia duten taldeak dira, %22 eta %26, hain zuzen ere.
8. Lanean eta txiro
Lanpostua ez da aski gizarte bazterketa gainditzeko. Langileen %8 pobrezia jasateko arriskua dute, lanean ari diren arren. Aldi baterako enplegua edo kontratu partziala dituztenen arriskua handiagoa da. Hain zuzen ere, aldi baterako langileen %12 daude txirotasun arriskuan, eta %5 baino ez langile finkoen artean.
Lanaren prekarizazioa eta pobrezia handitu direla azpimarratu du EBk
Europak sei milioi lanpostu galdu zituen atzeraldian, eta 1,5 milioi baino ez ditu sortu ondoren, gehienak aldi baterakoakSoldata maila guztietan jaitsi da enplegua, ordain handienekoetan izan ezik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu