Lanbide 2011 erdialdera hasiko da oinarrizko errentaz arduratzen

Diru sarrerak bermatzeko errentaren legearen erreforma indarrean sartu arte aldundiek jarraituko dute laguntza ematenIruzurraren aurka borroka egitea justifikatu du Zabaletak, «sistema indartzeko»

Lanbideren Basauriko bulegoa. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
Gasteiz
2010eko abenduaren 22a
00:00
Entzun
Lanbide berria lanean hasteko hamar egun baizik ez dira falta, baina gutxi gora behera beste sei hilabete itxaron beharko dira oinarrizko errentaren kudeaketa enplegu zerbitzuen berri geratzeko. Antolaketa berriaren helburuetako bat iruzurra eragoztea da, edo «inor sistemaren zirrikituetatik» ez sartzea, Gemma Zabaleta Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuaren hitzetan.

Jaurlaritzak atzoko bileran onartu zuen Diru Sarrerak Bermatzeko Legearen aldaketa. Lege proiektua aste honetan bertan igorriko dio Eusko Legebiltzarrari, eta espero du 2011. urtearen erdialdera onartuko dela. «Ahalik eta adostasun handiena» lortzen saiatuko dela esan du Zabaletak, baina ez du argitu PPren botoa ziurtatuta ote duten.

Legea indarrean sartzen denean oinarrizko errentarekin zerikusia duen guztia Lanbideren esku geratuko da. Lehen epe batean, ordea, enplegu zerbitzu berrituak zeregin mugatua izango du: hartan izena eman beharko dute laguntza hori nahi dutenek, pentsionistek izan ezik —jasotzaileen %36—. Izan ere, Zabaletak atzo behin eta berriro nabarmendu zuenez, sistema berriarekin lana bilatzea edo lana egiteko prest egotea —«lanerako aktibo izatea», Zabaletaren hitzetan— izango da diru sarrerak bermatzeko errenta jasotzeko baldintzetako bat. Aurretik ere bazen, baina baldintza ez da gehiegi garatu, besteak beste, administrazioen artean zegoen eskumen banaketaren ondorioz. Orain arte, udaletako gizarte zerbitzuetan eskatu behar zen errenta, aldundiek erabakitzen zuten eman ala ez, eta Jaurlaritzak ordaintzen zuen.

Eskumenaren zatiketa hori amaituko da legea indarrean jartzen denean, oinarrizko errenta nahi dutenek Lanbiden eskatuko baitute, eta hura arduratuko baita eskaeraren egokitasuna aztertzeaz eta dirua banatzeaz. Sistemaren zentralizatzeak lan karga handia kenduko die udaletako eta aldundietako gizarte zerbitzuei, eta haien eskaera «historikoa» beteko du, hau da, haiena ez den eskumen batez arduratzea. Lanbidek langile gehiago hartuko ditu oinarrizko errenta kudeatzeko eta hori eskuratzen dutenei lana aurkitzen laguntzeko edo ikastaroetara bideratzeko.

Eztabaida handia

Zabaletak «amaitutzat» jo du 6.200 laguneri oinarrizko errentakentzeak eragindako eztabaida. Duela bi aste, Jaurlaritzak iragarri zuen 6.000 lagunetik gora galduko zutela oinarrizko errenta, enplegu zerbitzuetan izena eman ez zutelako. Oposizioko alderdiek eta sindikatuek ez ezik, diputazioek ere gaizki hartu zuten Jaurlaritzaren erabakia. Zabaletak berretsi du pilota diputazioen esku dagoela, haiei dagokielako orain beren datu baseak erkatzea laguntza jasotzeko baldintzak zeintzuk betetzen dituzten erabakitzeko. Haren arabera, instituzioek gutxienez urtean behin egiaztatu behar dutela jasotzaileek baldintzak betetzen dituztela. Kontrol hori denbora asko daramatenekin zorroztearen alde mintzatu zen, «laguntzaren menpekotasunetik atera daitezen». Errenta jasotzen duten 60.000 lagunetatik 13.000 bost urtetik gora daramate egoera horretan.

Edonola ere, sailburuak aldarrikatu du legea betearaztea ez dela «gizartea haustea», sistema bera «indartzea» baizik. «Sistemari egin diezaiokegun mesederik handiena gardentasuna da. Zenbat lagunek jasotzen duten, ze konpromiso duten lana bilatzearekin, zer-nolako baldintzetan dauden... Hori jakitea beharrezkoa da sistema babesteko, eta handitzeko beharrezkotzat jotzen denean». Irregulartasunei jazartzea goitik behera justifikatu du Zabaletak: «Egiten ez badugu, ez ginateke zintzo izango legea betetzen dutenekin. Inork ezin ditu sistemaren zirrikituak baliatu».

Errenta jasotzeko baldintza batzuk bete behar direla onartuta ere, Juan Mari Aburto Bizkaiko Foru Aldundiak salatu egin du Jaurlaritzak ia abisurik gabe 4.700 bizkaitarrei errenta kentzea. Gainera, kexu da Gasteizko gobernuak ez dizkiola eman azaroan oinarrizko errenta pagatzeko behar dituen 17 milioi euro.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.