Eusko Legebiltzarreanagerraldia egin du gaur goizean Angel Toña Eusko Jaurlaritzako Enplegu sailburuak. Legealdi honetan diru sarrerak bermatzeko errentaren inguruan Lanbidek egin duen lana azaltzea zen helburua. Agintaldia hasi zenean, 2013. urteko lehen hiruhilekoan, egoera "kezkagarria" aurkitu zuen Jaurlaritza berriak. "Gainezka egiteko arrisku serioa zegoen", ziurtatu du Toñak, eta azaro operatibo "eranguratsuak" zituen.
Hiru urte eta erdi geroago gainezka egiteko arrisku hori "gainditutzat" jo du sailburuak. Haren ustez, zerbitzua "egonkortu" dute bitarte honetan. Hainbat datu eman ditu baieztapena oinarritzeko. Esaterako, laguntza eskaerei erantzuteko epea 110 egunetik 46 egunera jaitsi dutela. Era berean, 2013 urteko hasieran 3.000 helegite baino gehiago erantzun gabe zeudela azaldu du, eta gaur egun eskaera guztiei "epean" erantzuten zaiela.
EAEko gizarte laguntza nagusian egiten den iruzurraren tamaina ere neurrian jartzea eskatu du. Gaizki egindako edo jasotako ordainketak eta iruzurra gastu osoaren %1 baino ez dira. Propio iruzurra dena soilik %0,63 dela zehaztu du. "Hemen ez da edozer pasatzen eta zerbitzu honetara datozen pertsonak ere ez dira hezigabeak", Toñaren hitzetan. Joan den urtean atzemandako ordainketa bidegabeen %92 bueltatzeko tramitean dago, baina oraindik prozesua ez da amaitu, 2012 eta 2013 urteetakoak berrikusten ari direlako oraindik.
Kudeaketa, Lanbiden
Aste honetan asko hitz egin da Toñak esan zituenei buruz pasa den asteburuan argitaratu zen elkarrizketa batean. Horretan diru sarrerak bermatzeko errenta jasotzen ari diren kolektibo batzuk Lanbidetik ateratzeko aukera aipatzen zen, erretiratuak eta gizarteratzeko arazoak dituztenak, hain zuzen ere.
Gaur sailburuak ziurtatu du laguntzaren kudeaketa "osoari" eusteko asmoa dutela. "Ez diogu ostiko bat eman eta kanpora bidaliko", ohartarazi du. Gobernuak martxan jarri du aholku batzorde bat laguntzen etorkizunari buruz gogoeta egiteko, baina horien lana oraindik ez dela amaitu argi utzi du.
Kudeaketa zalantzan jarri gabe, prozedurak arintzeko gauzak egin daitekezkeela esan du sailburuak, gogoeta pertsonal gisa. Esaterako, erretiratuei ordainketzeko sistema ogasunen bidez bideratzea. Alternatiba horrek zailtasun tekniko ugari lituzkeela uste du, edonola ere.
Oposizioaren ustez, porrota
Hauteskunde sasoia datorrenez, oposizioari eskaera zehatza egin dio Toñak. Gizarte laguntzen inguruan "huts tartea" eskatu du, gaia eztabaida eremutik ateratzeko. Oposizioak egindako irakurketa negatiboa entzunda, zaila izango da gaia eztabaidaren parte ez izatea.
Alderdi guztien kritika jaso du gobernuak. Belen Arrondo EH Bilduko legebiltzarkideak onartu dio gauza batzuk hobetu direla, baina "ezin da esan helburuak lortu direla edo gauzak orekatuta daudela". Gogoratu du 2012. urtean hainbat murrizketa ezarri zirela —ordaina bera %7 jaisi zen—, eta horiek bere horretan segitzen dutela.
PSE-EEko Txaro Sarasua ere ez du konbentzitu sailburuaren agerraldiak. "Zure baikortasuna negatiboa da", aurpegiratu dio. Aurrera begira egin daitezkeen urratsekin ere ez dago ados. "Hona ekarri duzunak ez du bermatzen Lanbideren kudeaketa hobeago bat", Sarasuaren hitzetan.
"Gobernu honek bihurtu du Lanbide arazo, bere kudeaketarekin", Laura Garrido PPko legebiltzarkidearen hitzetan. Legealdian "porrot" egin ondoren, orain "adabakiak" jartzea egotzi dio departamentuari, balizko erreformak adibide jarrita. Legebiltzarkide popularrak ez dio aipamenik egin aste honetan bertan errentaren baldintzak gogortzeko aurkeztu duten lege proposamenari.