Lanbide «kaos eta kolapso» egoeran dela diote alderdiek

Erakundeko zuzendariak gezurtatu egin du, eta esan du normal-normal ari dela egiten eskumen aldaketa

Erredakzioa
2011ko abenduaren 23a
00:00
Entzun
Abendu erditik Lanbidek du diru sarrerak bermatzeko errenten eta etxebizitza prestazioen kudeaketaren eskumena. Lana pilatu egin da bulegoetan, eta asteartean itxi egin behar izan zuten Gasteizko Txagorritxu auzokoa, jende gehiegi zegoelako. «Kaos eta kolapso egoerak» herritarrei kaltea eragin izana salatu dute Gipuzkoako Diputazioak, EAk, EAJk eta Ezker Batuak.

«Lanbide ez da gauza legeak ematen dizkion eskumenei aurre egiteko», azaldu du Ander Rodriguez Gipuzkoako Gizarte Politikako diputatuak. 2012ko urtarrilaren 1ean zen indarrean jartzekoa Diru Sarrerak Bermatzeko eta Gizarteratzeko Legea, baina Eusko Jaurlaritzak aurreratu egin zuen eguna.

Diputazioaren arabera, Jaurlaritzak hitzorduekin jarraitzeko eskatu die udalei eta abenduko errentak ordaintzeko diputazioei. Gipuzkoa prest agertu da horretarako, «onuradunek ahalik eta kalte txikiena jasan dezaten». Alabaina, Lanbidek dio aurrez zegoela adostuta abenduko ordainketak diputazioak egitea. «Ez dago kaos eta kolapso egoeran; eskumen aldaketa normal-normal ari da gauzatzen», esan du Pedro Sanchez Lanbideko diru sarreren bermerako eta formaziorako arduradunak. Ordainketak bermatuta daudela ziurtatu du.

Haren arabera, errenta jasotzen duten 56.000 lagunei gutuna bidali diete kudeaketa aldaketaren berri emateko, eta 3.900 hitzordu ere finkatu dituzte. Gipuzkoako Diputazioari egotzi dio maiatzetik datuen eskualdaketarako harremanak saihestu izana.

Gipuzkoako Diputazioa ez da izan Lanbideko egoera salatu duen bakarra. Zer gertatuko zen «argi» zegoela dio Juanjo Agirrezabala EAko legebiltzarkideak ere. Prestazioak jaso ahal izateko bitarteko guztiak jartzeko eskatu du, eta beharrezkoa bada, jende gehiago kontratatzeko.

Garbiñe Saez EAJko legebiltzarkideak dio «aurreikuspen faltarekin» jokatu duela Jaurlaritzak. Gogorarazi du udalek bezperan jakin zutela legea onartzeko eguna aldatu egingo zela. Mikel Arana Ezker Batuko legebiltzarkideak «egunean egunekoarekin» lan egitea leporatu dio Enplegu eta Gizarte Gaietarako Sailari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.