Lanbide zerga kentzeko xedeak Ipar Euskal Herriko hautetsien kezka eragin du

Sindikatuak ez dira guztiz konforme Nicolas Sarkozyk krisiari aurre egiteko egin proposamenekin

ENEKO BIDEGAIN / BAIONA
2009ko otsailaren 7a
00:00
Entzun
Enpresaburuak pozik. Auzapezak kezkatuak. Nicolas Sarkozy Frantziako lehendakariak ekonomia suspertzeko iragarritako neurri batek polemika piztu du. 2010ean lanbide zerga kentzeko asmoaren berria atseginez hartu du patronalak. Hautetsi anitz kexu dira, ordea. Lanbide zergak Ipar Euskal Herri barnealdeko udalen eta udal elkargoen diru iturrien %30-40 bitartean osatzen du, Sauveur Baxo Arberatzeko (Baxenabarre) auzapez eta Euskal Departamenduaren Aldeko Hautetsien Elkarteko lehendakariaren esanetan. «Hori ez dugu onartzen ahal, gure herriak eta herri elkargoak ez baititugu kudeatzen ahalko».

Lanbide zerga kenduko balute, «gure herri, herri elkargo, departamendu eta eskualdeek ez lukete gehiago inbertsiorik egiten ahal», kezkatua da. Azkenaldian, kolektibitate horiek enpresek baino inbertsio handiagoak egin dituztela azpimarratu du. «Sarkozyk dio inbertsioak egin behar direla, eta gehien inbertitzen dutenei kentzen dizkie ahalak!».

Max Brisson Miarritzeko kontseilari nagusiak (UMP) ez du kezkatzeko arrazoirik ikusten. Diru iturri horien konpentsazioak aurkituko dituztela ziur dago. Frantziako Gobernuaren eta lekuko kolektibitateen arteko bilerak eginen direla iragarri du.

Ez da batere fida, aldiz, Sauveur Baxo. «Konpentsazioak iragarri dituzten guztietan, dirua galdu dugu urtetik urtera. Lehen urtean ematen digute, baina gero, urtez urte diru kopurua apaltzen da. Herrien autonomiari buruz, alimaleko ukaldia da».

Baina enpresentzako opari ederra da, Medef erakundearen eta Max Brissonen ustez. «Lanbide zerga absurdoa da. Zenbat eta langile gehiago, enpresek orduan eta zerga gehiago ordaindu behar dute». Europan ez dela horrela, eta neurri horrekin enpresak instalatzea eragozten dela diote zerga kentzearen aldekoek.

«Normal da enpresek ere zerbait utz diezaieten herriei eta herri elkargoei, alimaleko indarrak egiten baititugu haien ekarrarazteko», zehaztu du, aldiz, Baxok. «Enpresek ere badute gure kolektibitateen beharra, gure bideen eta sareen beharra».

Sindikatuen zalantzak

Sarkozyk ez du beste neurri konkreturik iragarri, baina gazteen, familia ahulenen eta klase ertainen alde zerbait egitea aipatu du. Otsailaren 18an sindikatu guztiekin biltzekoa da. Sindikatu batzuk egun hori baino lehen greba orokor bat egitearen aukera planteatzen ari dira, baina CFDT ez dago ados. FO sindikatuak salatu du Sarkozyk ez duela ezer konkreturik iragarri. Beste sindikatuek ere erran dute Sarkozyren hitzaldiarekin «dezepzionatuak» izan direla. Astelehenean bilduko dira denak, zer egin erabakitzeko.



Lanbide zerga

Zer da? Lanbide zerga da enpresek egoitza daukaten udalari ordaintzen dioten zerga.

Norentzat da? Udalen, herri elkargoen, departamenduen eta eskualdeen artean banatzen da lanbide zergako dirua.

Zeri ezartzen zaio? Enpresa batek herri batean duen eraikinaren eta tresneriaren balioaren gainean kalkulatzen den zerga da.

Nola kalkulatzen da? Lurralde kolektibitate bakoitzak tasa bat finkatzen du, zerga etxeek lanbide zergen oinarria eman ondoren.

Ukan duen bilakaera. 2002 arte, ordaintzen ziren soldaten gainean ere ezartzen zen zerga.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.