Enplegua

Lanbidek kontratuen %2an baino gutxiagoan egiten du bitartekaritza

EAEko enplegu zerbitzu publikoak 21.600 kontratu diruz lagundu ditu 2013an, enpresei emandako pizgarrien bidez.

Lanbideren bulego bat, Donostian. JON URBE, ARP
Ivan Santamaria.
2014ko martxoaren 27a
08:14
Entzun

Lana lortzeko tenorean enplegu zerbitzu publikoek oraindik ere zeresan gutxi dute. Lanbidek, esaterako, 13.425 lan eskaintza bideratzeko bitartekaritza egin zuen 2013. urtean. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan sinatu ziren kontratuen %2 baino gutxiago izan ziren. Guztira, 678.945 egin ziren joan den urtean.

Datua Adolfo Alustiza Lanbideko zuzendariak eman du gaur, enplegu zerbitzu publikoaren iazko balantzea aurkezteko egin duen agerraldian. Bitartekaritzan dituzten emaitza eskasak arrazoitu nahi izan ditu Rikardo Barkala Enplegu eta Lan sailburuordeak. "Kontuan hartu behar da gaitasun gutxien duten pertsonekin lan egiten dutela bereziki zerbitzu publikoek; lehentasuna horiek dute. Besteek badakite euren kasa lana bilatzen".

Lanbiden izena emanda 271.843 lagun zeuden urtea amaitu zenean. Horietatik 170.000 inguru langabeak dira, baina badira beste 100.000 lagun "lanpostua aldatu edo hobetu" nahi dutenak, Barkalaren hitzetan. Guztira, 137 milioi gastatu zituen Eusko Jaurlaritzak enplegu alorreko lan politika aktiboak finantzatzeko. Esaterako, 21.659 kontratu diruz lagundu zituen, enpresei emandako pizgarriei esker. Kontratu horietako bakoitza, batez beste, 2.000 eurorekin lagundu zuen Lanbidek. Laneratzeko orientazioari dagokionez, ia 100.000 lagunek jaso zuten Lanbidek dituen 42 bulegoetan. Formakuntzan, berriz, Hobetuz fundazioaren bidez kudeatzen diren ikastaroetara 37.170 langile joan ziren, eta langabeentzako ikastaroetan 23.049 pertsonek parte hartu zuten.

Zerbitzu publikoaren beste eginbehar nagusia gizarte laguntza nagusiak kudeatzea da. Tramitatzeko prozeduran egon diren arazoak onartu zituen Alustizak. Hala ere, epeak laburtu direla ziurtatu zuen. Legeak eskaerei bi hilabeteko epean erantzun behar zaiela dio. 2012 urtean soilik eskaerem %49 erantzuten zituen zerbitzuak epe horren barruan, eta kopuru hori %73ra igo dela azaldu zuen. Berehalako ordainketa eskatzen duten kasuetan, berriz, eskaeren %82 60 egun baino arinago tramitatzen direla azpimarratu du.Guztira, urte amaieran 62.817 lagun ari ziren diru sarrerak bermatzeko errenta kobratzen 2013 urtea amaitu zenean. Hamarretik sei emakumeak ziren, eta beste %28 pentsiodunak. Diru sarrerak bermatzeko errenta eta alokairua ordaintzeko osagarria finantzatzeko 435 milioi jarri zituen gobernuak.

Bestalde, enplegu politika aktibo guztiak gainbegiratuko dituen ikuskaritza zerbitzua prestatzen ari da Lanbide. Talde horrek hamazortzi ikuskari izango ditu, eta asmoa urtea amaitu baino lehen lanean jartzea da. Egitekoen artean, gizarte laguntzen kontrola hartuko dute euren gain ikuskari horiek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.