Eusko Jaurlaritzak Lanbideko Administrazio Kontseiluan dituen ordezkarien iritziak gainontzeko kideenak baino pisu handiagoa izango du. Izan ere, organo horrek hartzen duen erabaki orok haien babesa beharko du aurrera ateratzeko. Besteren artean hori dio Lanbideren izaera juridikoa aldatzeko Eusko Legebiltzarrak atzo onartu zuen legeak. Orain arte eskubide pribatuko erakunde publikoa zen Lanbide; aurrerantzean, baina, erakunde erabat publikoa izango da.
Araudi berria EAJren, PSE-EEren, PPren eta UPDren aldeko botoekin atera da aurrera; Aralar, EA eta EB abstenitu egin dira. Izaera juridikoa aldatzeak, ordea, eztabaida piztu du Legebiltzarreko alderdien artean, PSE-EE eta Eusko Jaurlaritza kontra zeudelako. Haien ustez, egokiagoa zen eskubide pribatuko erakunde publiko gisa uztea.
Hala ere, punturen batean guztiek eman behar izan dute amore. EAJ, esaterako, Administrazio Kontseiluan kooperatibek ordezkaritza izatearen aldekoa zen. Patronalak izango dituen bost ordezkaritatik bat bederen kooperatiben sektorekoa izan zedin nahi zuen. Araudi berriak, ordea, ez dio horrelakorik. Horrenbestez, bosna ordezkari izango dituzte Eusko Jaurlaritzak, patronalak eta sindikatuek. Administrazio Kontseiluko presidentea, berriz, Gemma Zabaleta izango da, Eusko Jaurlaritzako Lan sailburua. Berdinketak daudenean, haren botoak besteenak baino gehiago balioko du.
Lanbideko akordioek Jaurlaritzaren babesa beharko dute beti
Aurrerantzean erakunde erabat publikoa izango da Lanbide eta ez eskubide pribatuko erakunde publikoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu