Lanbideko langileek elkarretaratzea egin dute goizean, ostiralean izandako gertaera salatzeko. Bilboko Errekalde auzoko bulegoari su ematen saiatu zen erabiltzaile bat. Gertakari horren ondorioz, LAB, ELA, UGT eta CCOO sindikatuek elkarretaratzeak iragarri dituzte Lanbideko bulego guztietan. Erasoaldiak gerta ez daitezen, neurri sozialak hartzea beharrezkoa dela salatu dute.
Sindikatuek elkartasuna adierazi diete langabezian dauden erabiltzaile eta langileei. Joseba Izaga LAB sindikatuko ordezkariak azaldu duenez, “bulegoetan dagoen jendea langileak besterik ez dira, eta ezetzak jasotzen dituzten pertsonek ulertu behar dute erabakia ez dela aurrez aurre daukaten langilearena, erabakia goitik hartuta dagoela eta benetako kudeatzaileak inoiz ez direla leihatiletan lanean arituko”.
ELAk ere Administrazioari neurri egokiak hartzeko eskatu dio, mota horretako ekintza “arbuiagarriak” errepika ez daitezen. Era berean, negoziazio mahaiaren gainean segurtasun neurriak eta arriskuen prebentzioa jarri behar direla adierazi dute. “Horrelako gertakariek agerian uzten dituzte langileek nozitzen dituzten eraso motak”, adierazi du Jon Landetak, ELAko ordezkariak. “Ekonomia eta gizartea larri daude, eta ez dago nahikoa neurri etsita dauden pertsona horiei harrera egokia egiteko”.