Behar beste ez da egiten Lanbiden. Hori da LAB sindikatuak gaur goizean egin duen kritika. Enplegu zerbitzua eskaintzen duen agentzia publikoaren inguruko erreforma prestatzen ari da Eusko Jaurlaritza, eta horren inguruko balorazioa egin du gaur goizean sindikatuak. Hasteko, Bea Martxueta Ekintza Sozialeko idazkariak salatu duenez, erreforma egiteko garaian Jaurlaritzak ez du eskaintzen den diagnostikorik egin, eta horregatik sindikatuak berak neurtu behar izan du eskura dituen baliabideekin.
Horien arabera, Lanbidek orientaziora bideratzen dituen zerbitzuen %80 esku pribatuek kudeatzen dute azpikontratazioen bidez, eta lana bilatzen duten eta eskaintzen dutenen arteko bitartekaritza tasa ere baxua dela salatu dute: eskaintzen den lanaren %2,5 iristen da Lanbidetik, Europako Batasuneko batez bestekoa %10ekoa denean. “Sailburuordeak ere esan zuen bere alabari ez ziola gomendatuko lana Lanbiden bilatzea, beraz horrek asko esan nahi duela iruditzen zaigu”, azaldu du Eider Casanova Zerbitzu Publikoen federazioko idazkariak. Egoera, gainera, “prekarioa” da, giza baliabide eta ekonomiko nahikorik ez dagoelako Martxuetaren arabera, eta Diru Sarrera Bermatzeko Errentaren kudeaketa ere desegokia delako.
Egoera horren aurrean, Lanbideren erreforma integral eta oso bat egiteko eskaera egin du LABek, eragile politiko eta sozialak aintzat hartuko lituzkeen erreforma bat. DSBE errentaren kudeaketa zuzentzeko eskatu du, eta azpikontratazioari aurre egiteko baliabideak.