Eusko Legebiltzarrak hizpide izan du gaur Lanbide enplegu zerbitzuetako erabiltzaileak datu biometrikoen bidez identifikatzeko neurri polemikoa. Elkarrekin Podemos taldeak mozio bat aurkeztu du, sistema probatzeko martxan dauden saioak bertan behera gelditzea eskatzeko. Era berean, neurriaren balizko eragina neurtzeko eta Datuen Babeserako Euskal Agentziaren iritziari buruzko txosten bana egitea jasota zegoen testuan. Proposamenari osoko zuzenketa aurkeztu diote gobernua sostengatzen duten alderdiek, EAJk eta PSE-EEk, eta baita PPk ere. EH Bilduk Elkarrekin Podemosen mozioa babestu du. Hiru aukerak bozkatuta, batek ere ez du ganberan gehiengorik bereganatu.
Saioak ez du testurik aurrera atera, baina eztabaida bizia egon da hatz markaren ezarpenari buruz, eta alderdi bakoitzak DSBE diru sarrerak bermatzeko errentaren eztabaidarako izango duen jokabidea ere aurreratu du, neurri batean. Jeltzaleek eta sozialistek enplegu zerbitzua "modernizatzeko" bidean aurrera egiteko tresna gisa aurkeztu dute identifikazio biometrikoa, eta agindu dute legearen aldetik "berme guztiekin" indarrean sartuko dela, azkenean onartzen bada. PPk ere defendatu du, kasu honetan "kontrola eta kudeaketa hobetzeko" bitartekoa dela argudiatuta. Hiru alderdien artean gehiengo osoa dute ganberan.
Pasa den urtean Eusko Jaurlaritzako Enplegu Sailak Lanbideko erabiltzaile guztiak hatz-marka bidez identifikatzeko asmoa aurreratu zuen, iruzurrari aurre egiteko proposamen sorta baten barruan. Neurria "derrigorrezkoa" izango zela ere esan zuen. Haatik, ezarpen nahitaezko hori ez da artean gauzatu. Besteak beste, Margarita Uria Datuen Babeserako Euskal Agentziako buruak zalantzan jarri zuen horren legezkotasuna. Horren ordez, Lanbideko hamar bulegotan hasi dira sistema probatzen, "borondatezko" moduan. Maiatzaren 30ean sailak legebiltzarrera igorritako informazioaren arabera, ordura arte 3.500 erabiltzailek emana zuten hatz-marka. Elkarrekin Podemosek honezkero 10.000 baino gehiago direla kalkulatu du.
Tinixara Guanche Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkideak hatz-marka "arinkeriaz" ezartzea leporatu dio gobernuari, eragina neurtzeko legeak agintzen dituen azterketak egin gabe. Langabeen eta laguntza sozialen onuradunen gainean "susmoaren itzala" zabaltzen dela ere kritikatu du. "Norbaitek pentsatu du inoiz medikura joateko edo errenta aitorpena egiteko hatz-marka eskatzea?", galdetu du.
Lanbidek sisteman probak egiteko duen instrukzioa ere jopuntuan jarri du. Guancheren arabera, eskuetako hamar hatz markak eta aurpegiaren irudi biometrikoak hartzea aurreikustita dago. "Kartzelara sartzeko baino gauza gehiago hartzen dira kontuan", salatu du.
EH Bilduren izenean, Larraitz Ugartek bat egin du Elkarrekin Podemosek emandako sakoneko argudioekin. Bere istorio pertsonala kontatu du Ugartek, oinarrizko errentaren onuradun izan zen garaian ere ordainketa bidegabeak jasotzea leporatu zitzaiolako. Gizarte laguntzen onuradunei "errudun-presuntzioa" leporatzen zaiela ohartarazi du, eta "harridura" adierazi dio identifikazio biometrikoa martxan jartzeko ideiari. Ugarteren irudiko, oso neurri "inbasiboa" da, eta ez dago "justifikatuta".
PPren oharra EAJri eta PSEri
Eztabaidari beste helduleku bat eman dio PPko Laura Garridok. Popularrek orain dela hiru urte hatz-marka ezartzeko proposamena aurkeztu zutela gogoratu du, eta jeltzaleek eta sozialistek aurka bozkatu zutela azpimarratu du. Hiru urte "galdu" izana aurpegiratu die, eta eramandako zuzenketan ez dela sistema zabaltzeko apustu argirik egin kritikatu die.
Iritzi aldaketa justifikatzen saiatu dira EAJko Amaia Arregi eta PSE-EEko Gloria Sanchez. Arregik esan du orduan soilik DSBEaren erabiltzaileei jartzeko eskatu zela, eta "hauteskundeetatik hurbil". Horregatik ez zutela babestu esan du. Sanchezek, berriz, giroa "aldatu" ziurtatu du, eta gizarte laguntzak arrazakeriarekin lotzen zuten proposamenak desgertu direla uste du. Ez dute Guanche konbentzitu. "Marotoren diskurtsoa erosi duzue", aurpegiratu die.
Jeltzaleen ordezkariak ziurtatu du identifikazio biometrikoak ez dituela erabiltzaileak "iraunduko", Lanbiden aritzen diren guztiei ezarriko zaielako, langileei baita ere, eta ez soilik langabeei eta gizarte laguntzen onuradunei. Gaineratu du administrazioaren "betebeharra" dela hartzaileak "behar bezala identifikatzea".
Datu biometrikoen segurtasunari buruz ere hitz egin da eztabaidan, eta baita ere neurriaren proportzionaltasunari buruz. Sanchez sozialistak garrantzia kendu nahi izan dio gaiari. "Aparkalekuan autoa sartzeko hatz marka eskatu digute, eta horrekin ez da inor kexatu. Legebiltzarkide guztiok eman dugu".
Gaia laster itzuliko da parlamentura. EAJk eta PSE-EEk DSBEa erreformatzeko aurkeztu duten proposamenak zazpigarren xedapen gehigarrian jasotzen du "sistema biometrikoak" erabiliko direla Lanbideko zerbitzuen erabiltzaileak edota laguntzen onuradunak identifikatzeko. Horrelako sistemak arautzeko proiektu propia garatuko du gobernuak, EBko datuen babeserako legedia berriak eta Espainiako legea arau berrietara egokitzeko egiten ari den prozeduretan esandakoa aintzat hartuta.