Lanbideren korapiloa

Enplegu politika aktiboen eskualdatzeak Patxi Lopezen Jaurlaritzaren lorpen nagusia izan behar zuen lan arloan, baina Zapateroren gobernuak nahiago izan zuen negoziazioak EAJrekin ixtea.

Ivan Santamaria.
2012ko irailaren 7a
00:00
Entzun
Tamainari erreparatuta, lan arloko eskumenak izan dira Gernikako Estatutua osorik garatu gabe zegoeneko oroigarririk sendoena. Badira balio sinboliko handiagoa dutenak —espetxeak, esaterako—, baina garrantzi ekonomiko askoz gutxiago dute. Eusko Jaurlaritzak orain arte auziari buruz zuen estrategiarekin hautsi zuen Patxi Lopezen Lehendakaritzak. Negoziazio gorabeheratsuen ondoren, politika aktiboen eskuduntza jaso zuen gobernuak, eta, horiek kudeatzeko, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzu publiko eraberritua martxan jarri zuen.

Blokeo politiko etengabea izan dute lan esparruko eskumenek. Estatutuaren arabera, Jaurlaritzari dagokio enpleguko politika aktiboen nahiz pasiboen ardura. Alegia, enplegua sustatzeko neurriak ez ezik, Gizarte Segurantzaren alor ekonomikoa kudeatu beharko litzateke. Espainiako Gobernuak ez du sekula borondate politikorik izan azken puntu hori betetzeko. Gizarte Segurantzaren kutxa bakar eta bateratua defendatu dute hala PSOEk nola PPk, eta Espainiako patronalak eta sindikatu nagusiek ere bat egin dute jarrera horrekin.

Ez da munta gutxiko arazoa. Gizarte Segurantza kudeatzeak 10.000 milioi gehituko lizkioke Jaurlaritzaren aurrekontuari. Balio sinboliko handia ere badu: langabezia saria eta pentsioak zuzenean Jaurlaritzatik kobratuko balira, EAEko herritar xeheak Espainiako Gobernuaren administrazio eta erakundeekin izango lukeen eguneroko harremana hutsaren hurrena litzateke.

Eskumena osorik eta aldi berean jaso behar zela defendatu izan du EAJk gobernuan egon den urteetan. Arazo politikoa geroz eta argiago ikusi da, Espainiako Gobernuak politika aktiboen eskumena erkidego guztiei eskualdatu zielako, EAEri izan ezik. Erdibideko aukeraren bat bilatu zen Ibarretxeren agintaldian, baina ez zuten arrakastarik izan: politika aktiboak jasotzea lehenbizi, baina aurrerago pasiboak eskuratzeko bide orri bat adostuta.

Oinarrizko akordioa

PSE-EErentzat eta EAEko PPrentzat Gernikako Estatutuaren defentsa sendoa Gizarte Segurantzarekin amaitzen da. Batzuek nahiz besteek ez dute beharrezkotzat ikusten legea puntu horretan betetzea, zuzenean aurka egiten ez diotenean. Sozialisten gobernuak hasieratik adierazi zuen lan politika aktiboak berehala jasotzeko asmoa, pasiboei dagokien partea tiraderan utzita.

Gobernu berria azkar jarri zen martxan. 2009ko irailean Manuel Chaves Lurralde Politikako ministroa Gasteizen izan zen, eta, Lopezekin batera, enplegu politikak eskualdatzeko «oinarrizko akordioa» iragarri zuten. Eskumena jasotzeko moduari buruz, Legebiltzarrak adierazitakoa jarraituko zela esan zuen Lopezek.

Urtea amaitu baino lehen akordioa lotuko zela iragarri zuten. Haatik, prozesua asko luzatu zen. PSOEk Espainiako aurrekontuak aurrera ateratzeko zituen arazoak ezagututa, EAJk eskumenaren diseinua zuzenean Madrilekin negoziatzeko karta jokatu zuen. Kongresuko babesaren truke, eskumenaren baldintzei buruz azken hitza lortu zuten jeltzaleek.

Atzerapenarekin negoziazioen desadostasun nagusiak berrikusi ziren. Esaterako, kontratazioari emandako hobari fiskalak. Urtebete luzatuko zen auzia. 2010eko irailaren 22an akordioa aurkeztu zuten PSOEk eta EAJk. Esanahi politiko handia zuen aukeratutako egunak. Eusko Legebiltzarreko politika orokorreko eztabaidaren bezpera zen, Patxi Lopezen lehenbizikoa lehendakari zenetik. Oposiziotik gobernatzen jakiteko domina jeltzaleek jantzi zuten. Ez hori bakarrik. Zapatero presidenteak EAJrekin eskumena itxi izanak agerian utzi zuen Lopezen bakardadea. Tribunatik, bezperako ituna ontzat jo behar izan zuen Lopezek, eduki zehatzari buruz deus argitzea lortu ez bazuen ere.

Lanbide berria

Eskumenarekin 470 milioi euro gehiago iritsi ziren lan politika aktiboak finantzatzeko. Aldaketak Lanbide eraberritu zuen, Joseba Azkarraga sailburu zen garaian Inem paralelotzat jo eta sozialistek nahiz popularrek gogor kritikatu zuten egitura. 2011ko urtarrilaren 1ean lanean hasi zen, 785 milioi euroko aurrekontuarekin. Egitura berria antolatzeko prozesua ez da samurra izan. Erabiltzaileen eta langileen artean kezka sortu izan du, etakoordinazio falta eta nora eza salatu dute. Kritikak areagotu dira urte hasieran Lanbidek gizarte laguntzen kontrola bere gain hartu zuenetik. Laguntzak eskatzeko eta tramitatzeko atzerapenek buruhauste ugari sortu zizkieten errenta nahi zutenei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.