Eusko Jaurlaritzak, Lanbideren bidez, gero eta oztopo gehiago jartzen dizkie langabeei prestazioak jasotzeko prozesuan. Hala uste dute hainbat gizarte taldek eta langabeen batzarrek, tartean Berri Otxoak elkarteak. "Prestazioen ezkutuko murrizketa" gertatzen ari dela salatu dute, eta Lanbideren "okerreko jardunaren kodea" plazaratu. "Langabezia handiagoa denean" sortzen zaio jende gehiagori prestazioa eskatzeko "beharra", eta hain justu "inoizko zerbitzurik txarrena" ematen ari da Lanbide orain, gizarte taldeon ustez.
Juan Maria Aburto Jaurlaritzako Enplegu kontseilariak onartu du Lanbide ez dabilela ongi. "Gutxieneko errentak Lanbide jan du", esan zuen orain aste batzuk, eta konpromiso bat hartu zuen: urtebete baino lehen gutxieneko errenten %66 bi hilabete baino lehen kudeatzea.
"Jaurlaritza eta Lanbideko arduradunek ildo jakin batzuk eman dituzte ahalik eta jende gehien gizarte babeserako sistematik kanpo uzteko", diote talde salatzaileek. Hona hemen haiek plazaratutako Lanbideren "okerreko jardunaren" kodearen puntu nagusiak.
1. Arreta-denborak
Arreta telefonoan hitzordua finkatzeko galbahe lana egiten du Lanbidek, galdera batzuen bidez; ez dago modurik hitzordua aurreratzeko kasuaren urgentziaren arabera. "Bere etxetik kaleratua izateko arriskuan egon daiteke eskatzaile bat, baina hori ez da nahikoa hitzordua aurreratzeko". Gainera, bulego batzuk kontsultak egiteko balio dute bakarrik, eta beste batzuk lepo daude dosierrak kudeatzen eta erresoluzioak ematen. Telefonora deitzen duten guztiei gehienez astebeteko epean hitzordua ematea proposatzen dute gizarte taldeek, eta bulego guztiek egin ahal izatea dosierren kudeaketa.
2. Dosier geldituak
Iaz, 7.000 espediente zeuden geldituta, erabaki gabe. Egunez egun handiago den eskaera bati erantzun nahi ez diotelako izango da akaso. Hala, "sarira jaso behar dutenen eskubidea urratuta geratzen da kudeaketa kaxkar batengatik".
3. Epe luzeegiak
Bi hilabete behar dira hitzordua lortzeko, eta dokumentazioaren izapideak egiten direnetik erabakia hartzen den arte, zortzi hilabetekoa da itxaronaldia, batez beste. Izapideak egiten direnetik gehienez bi hilabeteren buruan ordaintzea proposatzen dute, eta Lanbideko beste esparrutan diharduten langile batzuk erabiltzaileen arretara lekualdatzea.
4. Gutxieneko errentak
Gutxieneko errentak hilabetetan bertan behera utz dezakete susmo subjektiboengatik, eta baldintzak betetzen direla frogatuz gero bi hilabete beharko dira berriro kobratzen hasteko. Beraz, sei hilabetetan egon daiteke saria kobratu gabe eskatzaile bat, nahiz eta horretarako eskubidea izan. Gizarte taldeek diote, bada ezpadako etenaldiak erabiltzeari utzi behar zaiola, susmoek ezin dutela etenaldirik eragin.
5. Fiskalizazioa
Hiru hilabetetik behin errenta jasotzailearen banku-mugimenduak fiskalizatzen du Lanbidek; "etxea ordaintzeko edo jateko ez den edozein gastu susmagarri jo dezake, eta prestazioa kendu". Arropa edo tabakoa erosteagatik eskubidea galdu dutenen kasuak badirela diote. Langabe batzarren ustez, "adin nagusikoen diruaren erabilera ezin da interbenitu irizpide subjektiboekin", etxe eta janariaz badirelako beste oinarrizko gastu batzuk.
6. Komunikaziorik ez
Inolako jakinerazpenik gabe eten da ordainketa sarritan, onuradunari entzun gabe. Ez da zehazten zergatik galdu den; alegazioak ez dira erantzuten. Gizarte taldeek nahi dute Lanbidek ez dezala legea urratu.
7. Erregistrorik gabe
Eskatzaileei ez zaie ematen haiek emandako dokumentazioaren ziurtagiririk; beraz, ezin da frogatu paperak entregatu diren ala ez. Entregatutako dokumentu guztien ziurtagiri zehatza edo dokumentazioaren kopia zigilatua nahi dute salatzaileek.
8. Erreklamazioak
Ez dago modurik erreklamazioak jartzeko. Politika hori aldatu eta Lanbidek epeekin bete dezala eta alegazio guztiak erantzun ditzala proposatzen dute.