Ekonomiaren moteltzearen ondorioak sufritzen ari dira Landabenen. Udazken etsigarriak ezerezean utzi ditu udaberriko aurreikuspen baikor haiek guztiak, etafabrikaren martxa garai zailagoetarako egokitzeko neurriak hartzeari ekin dio Volkswageneko zuzendaritzak. Datozen hilabeteetan eskaria gainbehera joango dela uste du orain, lan karga gutxitu egingo dela. Ekoizpena handitu beharko zuen ustean hartu zituen langile haiek soberan ditu, beraz. Irailean 150 bat kaleratu zituen; urrian, 260 inguru; eta abenduaren 12an beste 700 botako dituela jakinarazi zuen atzo. Obra edo zerbitzuko kontratuak dituzte guztiek.
Txetxu Rodriguez langileen batzordeko CCOOko ordezkariaren arabera, «berria ezin txarragoa da». Baina aitortu zuen asteak zeramatzatela horrelako zerbait iritsiko zen esperoan. «Azken asteetan beste konturik ez zebilen langileen artean». Aldi baterako 700 langile kaleratzeak eta ekoizpena murrizteak egoera «kezkagarria» dela esan nahi du Rodriguezentzat. «Eta okerrena da ez dakigula datorren urtean zer gerta daitekeen, aurreikuspenak egitea ezinezko bihurtu delako». Horregatik, zuzendaritzari kontu handiz ibiltzeko eskatu diote, «egoerari egokitutako kalkuluak egiteko», ahalik eta langile gutxien kaleratzeko.
Gogorrago mintzatu zen Benito Uterga LABeko ordezkaria. Enpresaren erabakiarekiko erabateko desadostasuna adierazi zuen, «are gehiago erabakia nola hartu duen ikusita». Haren irudiko, ez da kasualitatea kaleratzeak hauteskundeen biharamunean iragarri izana. «Ez dut uste erabakiaren atzean enpresa estrategia bat dagoenik, estrategia politiko bat baizik».
Utergak bakarrik ez, gehiagok ere pentsatzen dute hori. Iragan astean zabaldu zen zurrumurrua Twitterren, Yolanda Barcina Nafarroako gobernuburuak Landabengo auto fabrikara egindako ustekabeko bisitaren ondotik. Zurrumurruek zioten hauteskundeak igaro arte VWko zuzendaritzak kaleratzeen inguruan txintik esango ez zuela ziurtatzera joan zela Barcina. Berak, ordea, erabat gezurtatu zuen hori. Landabenera enpresako arduradunekin egoera ekonomikoaren inguruan hitz egitera joan zela azaldu zuen. «Oso kezkatuta daudela esan didate, esportazioek eta ekoizpenakzer bilakaera izango duten ez dakitelako. Niri ez didate azaldu aldi baterako langileei kontratuak berrituko dizkieten ala ez; hori jakin nahi baduzue, galdetu eurei».
Langileekin zer egin erabakitzeko ardura enpresena dela argitu zuen. «Gobernuak ezer gutxi egin dezake horretan, gehienez ere informazioa jaso». Horiek horrela, VWko erabakietan sekula ez duela parte hartu adierazi zuen. «Gustatzen zaigu enpresa nola doan jakitea, baina bakoitzak bere eskumenak ditu eta guk erabat errespetatzen ditugu bai eskumenak eta bai plangintzak». Autogile alemaniarrak laguntzarik behar balu, Nafarroako Gobernua esku bat botatzeko prest legokeela gaineratu zuen Barcinak, «beti erebakoitzari dagozkion eskumenak errespetatzen direla ziurtatuta».
Zuritik beltzera
Urtea espero baino askoz hobeto hasi zuen VWk, aurreikuspen guztiak gaindituz. Jarritako helburuak txiki geratuko zitzaizkiola sinetsi zuen zuzendaritzak, marka guztiak hautsiko zituela. Hala, urte hasieran aurreikusi baino 14.000 auto gehiago egingo zituela jakinarazi zuen maiatzean, urtea bukatzerako 362.128 ibilgailu egingo zituztela, alegia, inoizko gehien. Horretarako lan egutegia moldatu zien langileei, eta zenbait larunbatetan lanera joateko agindu.
Ekoizpenaren hazkundeari erantzuteko adina langile bazuen ordurako: 6.000 lagun, hain zuzen. Gehiago kontratatzeko beharrik ez zuela jakinarazi zien langile batzordeko kideei, baina dagoeneko enpresan lanean ari zirenen baldintzak hobetzeko prest zegoela. Orduan, 6.000 langile haietatik 1.900 aldi baterako kontratuekin ari ziren lanean; %30koa zen aldibaterakotasun tasa. Ekaina eta abuztua artean, ordea, mugagabeko kontratua egin zien aldi baterakoa zuten 300 langileri.
Uda hurbildu ahala, baina, euroguneko ekonomia geldotzen hasi zen, baita Nafarroako VWren esportazioen helmuga nagusi diren herrialdeetako ekonomiak ere —Frantzia eta Alemania—. Horrenbestez, irailean aurreikuspenak berrikusi behar izan zituen VWk ere. Maiatzean esandakoa baino 9.000 auto gutxiago egingo zituela adierazi zuen orduan —353.000 ibilgailu inguru— , baita iraila eta urria artean 400 bat langile kaleratu beharko zituela ere. Atzo, berriz, ekoizpen aurreikuspena are gehiago jaitsi —350.800 autora arte— eta 700 lagun kaleratuko dituela iragarri zuen.
Landabengo fabrikatik beste 700 langile kaleratuko ditu VWek
Ekonomiaren moteltzearen ondorioz esportazioetan eta ekoizpenean jaitsierak izango dituela uste du autogile alemaniarrakIraila eta urria artean aldi baterako kontratuak zituzten 400 langile bota ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu