Lana

Landunak %4,5 gehiago dira Nafarroan, urteko bigarren hiruhilekoan

Nastaten arabera, 6.000 pertsona gehiago daude beharrean (+%2,2) urteko lehen hiruhilekoaren aldean; urte arteko tasan, berriz, 12.200 gehiago dira. Hala ere, 32.600 langabe zeuden Nafarroan 2021eko bigarren hiruhilekoan, iaz baino 2.100 gehiago

Enplegu bulego bat, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU
xabier martin
2021eko abuztuaren 18a
11:07
Entzun

Ekonomiaren suspertzearekin batera hazten ari da enplegua Euskal Herrian, langabeziaren azken datuek erakutsi duten moduan. Nastatek, orain, landunak zenbat hazi diren eman du jakitera, eta urte arteko tasaren hobekuntza adierazgarria da, 2020ko bigarren hiruhilekoaren aldeari erreparatzen diona. Izan ere, %4,5 hazi da erakusle hori; edo beste modu batera esanda: 12.200 pertsona gehiago daude okupatuak Nafarroan aurtengo apiriletik ekainera doan epealdian iazkoan baino. 2021eko eboluzioa oso argia izan da, halaber, lehen hiruhilekotik bigarrena urrats handia egin baitu aurrera landunen kopuruak: 6.000 gehiago zenbatu ditu Nastatet, %2,2 gehiago.

Horiek horrela, langabezia %9,2 apaldu da azken hiruhilekoan, hau da, 3.300 pertsona gutxiago azaltzen dira langabeen zerrendan. Guztira, 32.600 langabe zeuden Nafarroan, 2021eko bigarren hiruhilekoan. Baina, hala ere, azken hamabi hilabeteetan 2.100 langabe gehiago daude, hau da, %7,1 gehiago.

Nafarroako eskualdeei dagokienez, Tuteran eta Erribera garaian erregistratu dira langabezia tasa handienak, %11,8koak. Tuteran puntu bat apaldu da azken epealdian, eta Erribera garaian sei ehunen igo da. Gizonen artean, Erribera garaian dago tasa handiena, %11,9koa eta Erdialdeko Nafarroako ekialdean apalena, %6,5ekoa. Emakumeei dagokienez, Tuteran daude langabe gehien, %11,9ko tasarekin, eta Erdialdeko Nafarroako ekialdean gutxien, %7,4ko tasarekin.

Landunak, eskualdeka

Landunei begira jarrita, berriz, Iruñerrian dago jarduera tasa handiena, %61,6koa; aurreko epealdiko datua zertxobait hobetu da, beraz. Nafarroako Ipar-mendebaldeak erakusten du jarduera biziena ondoren, %56ko tasarekin, azken hiruhilekoan 1,82 puntu igo ondoren. Gizonen artean, Iruñerria da landun gehien dituen eskualdea, %64,6ko tasarekin, eta Lizarraldea da jarduera apalena duena, %57,5eko tasak islatzen duenez. Emakumeen artean, berriz, Iruñerria azaltzen da berriro emakume landun gehien dituen eskualde gisa, %58,8ko tasarekin, eta tasa apalena duena Lizarraldea da, era berean, %47,9ko tasarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.