Berrogei pertsona inguru bildu dira gaur Donostian, Jaurlaritzaren eraikinaren aurrean, lan istripuen eta lan heriotzen aurkako elkarretaratzean. Gehiengo sindikalak deitutako protesta horretan, hainbat lagunek egin dute langileen eskubideen alde; besteak beste, Gema Pousa LABeko bozeramaileak eta Maia Beitia ELAko bozeramaileak.
«Zoritxarrez, gaur, berriz elkartu behar izan dugu beste lan heriotza batzuk salatzeko», adierazi du Beitiak, lehenik eta behin. Izan ere, urte hasieratik hona 39 behargin hil dira, eta azken sei egunetan izan dira heriotza horietatik hiru. «Urretxuko Usabiaga almazenetako langile bat, eskorga batek harrapatuta; Construcciones Moyuako beste bat Ormaiztegin, eta Donostiako Garbiketako beste langile bat», izendatu ditu Pousak.
Azken egunetakoez gain, LABeko eledunak gogora ekarri ditu aurreko hilabeteetan basolanetan ari zirela hildako langileak, eta haien egoera «guztiz prekarioa» zela salatu du. ELAko bozeramaileak, berriz, Luis Enrique Soriano gaztearen ezbeharra aipatu du, eta azpimarratu du Azpeitiko tailer batean hilik aurkitutako gaztea ere «baldintza prekarioetan» ari zela lanean.
Heriotzak aipatzeaz gain, hainbat istripuk gaixoaldiak ere eragiten dituztela azpimarratu dute bi eledunek. Pousak esan duenez, aurtengo lehen zazpi hilabeteetan, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 21.520 beharginek aldi baterako utzi behar izan dute lantokia lan istripuen eraginez. Iazko datuekin alderatuta, aurtengoa «larritzeko kopurua» dela azpimarratu du, 3.400 gehiago izan baitira.
Egoera ikusirik, erantzuleei mintzatu zaizkie bi bozeramaileak. «Argi dago patronalak langilearen osasunaren gainetik jartzen dituela irabazi ekonomikoak», esan du Beitiak, eta zera erantsi: «Erakunde publikoek ez dute ezer egiten; eskuak garbitzen dituzte, eta salatu nahi dugu haien erantzukizuna ere badela».
Beitiaren hitzekin ados agertu da Pousa. «Hiltzen duen lan eredu hau eteteko zer egingo duzue?», galdetu dio administrazioari, eta eskaera bat egin dio: «Jar ezazue egoera larri hau zuen agenda politikoaren erdigunean». Salaketen eta eskaeren ondoren, hildako langileen familiez eta lagunez gogoratu dira. «Behargin bakoitzak familia bat, lagunak, kideak ditu, eta horiek ere lan eredu prekario honen eraginak sufritzen dituzte», esan du Pousak, eta, azkenik, galdera hau egin dio administrazioari: «Zer esango diezue haiei?».