Zizurkilgo Marie Brizardeko langile guztiek eman diote oniritzia zuzendaritzarekin lortutako akordioari. 55 urtetik gorakoek erretiro aurreratua hartuko dute —11 lagun dira, eta beste zazpik errelebo kontratua dute—. Gainerako lanpostu guztiei eutsi egingo zaie. Dena den, aldi baterako erregulazio espediente bat jarriko du indarrean enpresak, ekainaren 30era bitartean, gehienez hiru hilabetekoa. Lanean jarraituko dutenen lan baldintzak mantendu egingo dira, behintzat datorren urte amaierara arte lan hitzarmena blindatzea adostu baitute; hala, Espainiako lan erreforma aplikatzerik ez du izango zuzendaritzak.
Langileek greba mugagabea hasi zuten joan den azaroaren 19an, enpresak iragarritako itxiera salatzeko. Ia hilabete egon dira egoera horretan. Gauzak egun batetik bestera aldatu dira, ordea. Ostegunean bertan, sozietate anonimo mugatu bat sortzea proposatu zuen zuzendaritzak, eta urtean 16.000 euro gordineko soldata. Mikel Martinez langile batzordeko ordezkariaren esanetan, greba eginda bete-betean asmatu dute.
1968an jarri zuten Marie Brizard Zizurkilen, eta, marka horretako anisaz gain, Olatz patxarana ere botilaratzen dute. Azkenaldian, lanaren %80 Pulco markako zuku kontzentratua egitea zen, Frantziako merkaturako batez ere. Azken kontratu hori, baina, amaitzear zegoen, Pulcoren jabe Orangina-Schweppesek —Belvederek hari saldu zion 2007an— ohartarazi zienez.
Edari asko ditu Belvederek: ardoak (Marques del Puerto, Mateus, Moncigale), whiskyak (William Peel, Tomintuol), vodka (Sobieski), koktelak (Acapulco, William Piterson). Enpresak galerak izan ditu azken urteotan (117 milioi iaz), eta, zorra berregituratzearen ondorioz, haren hartzekodunak dira orain akziodun nagusiak, inbertsio funtsak eta bankuak hain zuzen ere.
Marie Brizarden lana erruz egin dute azkenaldian, eta hiru behin-behineko langile ere kontratatu dituzte eskariari erantzuteko. Langileen arabera, Belvederek argudiatu dituen 800 milioiren zorrak ezin dakizkioke Zizurkili leporatu.