Langabe kopurua gora doa, baina baita lana dutenena ere

Eustaten arabera, 95.000 lagun daude lanik gabe Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; biztanleria aktiboaren %9,1

Mikel Carramiñana.
Bilbo
2010eko uztailaren 21a
00:00
Entzun
Langabeziari buruzko inkestek datu ustez kontrajarriak igortzen dituzte orandik. Azterketa ezkorra eginez gero, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan aurreko hiruhilekoan baino 3.200 langabe gehiago daudela esaten du Eustatek atzo kaleratutako azterketak. Guztira 95.000 dira, biztanleria aktiboaren %9,1. Azterketa baikorragoaren aldekoek, berriz, nabarmenduko dute langabe gehiago daudela, jende asko lan merkatura itzuli delako. Izan ere, apiriletik ekainera 10.500 lagun gehiago ageri dira lanean, urtarriletik martxora baino .

Biztanleria aktiboaren azken hiru inkestek guztiz kontrako joerak eman dituzte, lan merkatuari dagokionez. 2009ko azkenak itxaropena piztu zuen, enpleguaren hazkundea iragarri zuelako. Baina aurtengo lehenak esperantzak zapuztu zituen, 8.600 lanposturen galeraren berri eman zuelako. Atzokoak, aldiz, berriro itxaropenerako atea zabaldu du. Aurtengo bigarren hiruhilekoan 10.500 lanpostu berri sortu dira, eta 2.100 galdu. Beraz, 8.400 lanpostu garbi sortu dira, ia aurreko hiru hilabeteetan galdutakoak beste. Sexuaren arabera, 5.500 emakume eta 2.800 gizon gehiago egon dira lanean.

Sektoreka, eraikuntzan oraindik enplegua galtzen ari bada ere, askoz kopuru txikiagoan egin da: 800 lanpostu galdu dira apiriletik ekainera. Gehiago izan dira nekazaritzan galdutakoak, 1.300, hain zuzen. Gainerako sektoreetan, datu positiboak izan dira. Industrian, 5.900 lanpostu sortu dituzte; zerbitzuetan, berriz, 4.600 lagun kontratatu egin dira.

Biztanleria jardueraren arabera sailkatzeko inkestaren emaitzak zabaldu zituen atzo Eustatek. Emaitzen arabera, lanean dauden EAEko herritarren kopurua %0,9 igo da sortutako lanpostu kopuru garbiari esker. Guztira, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan lana dutenen kopurua 951.000 lagunekoa da.

Behin-behinekotasuna, gora

Enplegu tasa, 16 eta 64 urte bitarteko pertsona guztien artean lanean daudenen kopurua ehunekoetan adierazten duena alegia, 65,3 puntukoa izan da aurtengo bigarren hiruhilekoan, aurrekoan baino %0,7 handiagoa. Emakumezkoen artean igo da gehiago (%0,9) gizonezkoen artean baino (%0,5). Hala ere, bilakaera alde batera utzita, enplegu tasa nabarmen handiagoa dute oraindik gizonezkoek, %71,5, emakumezkoen aldean, %59.

Lurraldearen arabera, Gipuzkoan dago enplegu tasarik altuena (%67,8), aurreko hiruhilekoan baino 1,6 puntu handiagoa. Lurralde honetan sortu da, halaber, lanpostu kopururik handiena azken hiru hilabeteetan, 5.400 lanpostu garbi guztira. Bigarren enplegu tasarik handena Arabak dauka, %66koa, aurreko hiruhilekoan baino bederatzi hamarren altuagoa. Tasarik txikiena Bizkaiak dauka, %63,7koa, 0,2 puntuko hazkundea izan badu ere. Sortutakoen artean, 1.600 enplegu garbi egin dira Bizkaian eta 1.400 Araban.

Kontratuei dagokionez, behin-behinekotasunak gora egin du finkotasunaren joerak bere horretan jarraitu duela. Hala, kontratu mugagabea zutenen kopurua 3.900 langile gutxiagokoa izanda apiriletik ekainera arte. Aldi baterako soldatapekoak, berriz, kontraturik gabekoak barne, 13.000 gehiago izan dira.

EAEn, guztira, 610.400 lagunek dute lan kontratu mugagabea (-%1,8) eta 177.000 dira behin-behineko kontratua dutenak, aurreko hiruhilekoan baino %1,5 gehiago, hain zuzen.

Gizon gehiago lanik gabe

Eustaten arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hiru etxetik batean ez dute pertsona aktiborik. Era berean, pertsona aktibo guztiak langabezian dituzten 28.000 familia daude, aurreko hiruhilekoan baino 100 gehiago. Etxeko guztiek lanean dituzten etxeak, berriz, 2.100 gutxiago dira. Hala ere, hamar familiatik seitan gertatzen da hori.

Langabeen artean, aurtengo bigarren hiruhilekoan 2.900 gizonezko gehiago eta 300 emakumezko gehiago zenbatu dituzte. Guztira, langabezian 55.100 gizon eta 39.900 emakume daude EAEn. Adinaren arabera, bestalde, langabezia tasarik handiena gazteena da. Azken hiru hilabeetan 16 eta 24 urte bitarteko 14.300 gazte aktibo gehiago dago langabezian.

Lurraldeen arabera, Bizkaian hazi da gehien langabezia, 3.800 langabe gehiagorekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.