Langabeen kopurua %3,5 handitu da abuztuan Hego Euskal Herrian

Probintzia guztietan handitu da langabezia, eta urte arteko hazkundea %10,81ekoa izan da Hegoaldean, %19,44koa Nafarroan

jakes goikoetxea
2008ko irailaren 3a
00:00
Entzun
Ekonomiaren moteltzea adierazten edo areagotzen duen daturen bat jakiten da egunero. Atzo, esaterako, langabeziarena. Abuztuan 106.368 pertsona zeuden izena emanda INEM Espainiako Enplegu Institutuaren bulegoetan Hego Euskal Herrian, uztailean baino 3.581 gehiago (%3,48).

Aurtengo uztailean Bizkaian langabeziak behera egin zuen; abuztuan, aldiz, gora egin du probintzia guztietan: %4,98 Araban, %4,02 Bizkaian, %3,16 Gipuzkoan eta %2,16 Nafarroan.

Ohikoa da udan eta abuztuan langabeziak gora egitea. Iaz, esaterako, uztailetik abuztura langabezia %3,76 handitu zen. «Aurtengo abuztuko langabeziaren igoera ez da bereziki handia izan iazkoarekin alderatuta», esan du LABek. «Hala ere, kezkagarria da, ekonomiaren ahultasun egoera batean gertatu baita. Egoera horrek ondorio kaltegarriak ditu enpleguaren bilakaeran eta langabeziaren hazkunde metatu garrantzitsua eragiten ari da».

ELAk enpresaburuei leporatu die, hain zuzen, egoera ekonomikoa baliatzea kostuak murrizteko, langile batzuk kaleratuz edo kontratuak ez berrituz.

Joseba Azkarraga Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuak gogoratu du abuztuan langabezia igotzea «urtero gertatzen den joera ziklikoa» dela. Are gehiago, aurreko urteetako abuztuetako datuekin alderatuta aurtengoa «positiboa» dela esan du sailburuak. «Uda bukaeraren ondorioz, zerbitzu sektorean gertatu da batez ere langabeziaren igoera», zehaztu du. «Ostalaritzan, aisialdian eta merkataritzan nabaritu da haren eragina».

Imelda Lorea Nafarroako Lan zuzendari nagusiaren esanetan, aldiz, abuztuko langabeziaren datua «txarra» izan da eta «bat dator Espainiak bizi duen krisi ekonomikoarekin».

Urte arteko kopuruei begiratuz gero, langabeziaren igoera nabarmena da, Nafarroan batez ere: %19,44. Gainerako lurraldeetan ere gora egin du: Araban %6,46, Bizkaian %8,10 eta Gipuzkoan %10,11. Hego Euskal Herrian igoera %10,81ekoa izan da.

Espainiako Lan eta Immigrazio Ministerioaren datuen arabera, iazko abuztutik aurtengora %20 hazi da gizonen langabezia eta %4,8 emakumeena. Hala ere, Hego Euskal Herrian dauden 106.368 langabeetatik %58 emakumeak dira eta %42 gizonak. LABek eraikuntzaren beheraldiari egotzi dio neurri handi batean gizonen langabezia tasaren hazkundea.

Adinari dagokionez, 25 urtetik beherakoetan langabezia %17 handitu da iazko abuztutik aurtengora.

Nekazaritzan langabeen kopurua txikitu egin da INEMen bulegoetan, 40 langabe gutxiago. Gainerako jardueretan, aldiz, langabeen kopuruak gora egin du: zerbitzuetan bi mila pertsona gehiago, eraikuntzan mila gehiago eta industrian 800 gehiago.

Behin-behineko kontratuak

Kontratuei dagokienez, uztailean baino ia 30.000 kontratu gutxiago egin dira abuztuan. Urte arteko datuari begiratuz gero, aurten iaz baino 5.500 gutxiago egin dira. Iazko abuztuarekin alderatuta, kontratu mugagabeak %19 murriztu dira Bizkaian, %18 Nafarroan eta %9 Araban; Gipuzkoan, aldiz, iaz baino %8 kontratu mugagabe gehiago egin dira aurten.

ELAk salatu du Hego Euskal herrian ia hiru langiletik batek behin-behineko kontratua duela eta kopuru hori Europako Batasuneko tasaren bikoitza dela.

CCOOren iritziz, langabeziaren datuek agerian uzten dute lan merkatuaren ahultasuna eta «enpresaburuen arduragabekeria»: «Opor garaia baliatzen dute langileak kaleratzeko, aurten krisiaren aitzakiarekin eta bermearekin». LABek uste du jokaera hori eraikuntzan, industrian eta hezkuntzan gertatzen dela batez ere.

CCOOk «gizarte autismoa» egotzi dio Eusko Jaurlaritzari. «Gure langabeziaren egoera hobearen autoatseginean babesten da eta saihestu egiten du enpleguaren kalitatean esku hartzea».

UGTk ere Eusko Jaurlaritzaren «ekimen faltari» egotzi dio langabeziaren igoera Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. «Urte hasierako okupazio zenbaki horren ostean, ez du bultzatu sindikatuekin hitzartutako neurririk enplegua egonkortzeko».

Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako presidenteak atzo iragarri zuen gaur zortzi zehaztuko dituela eraikuntzan langabezian geratutako langileentzako «enplegu politika aktiboak». Zapateroren esanetan, atzoko langabezia tasaren datua «objektiboki txarra» da. Hala ere, nabarmendu zuen 20 milioi pertsona ari direla Espainian lanean, inoiz baino gehiago.

Ildo beretik, Jose Blanco PSOEko idazkariorde nagusiak espainiarren bizi-kalitatea goratu zuen: «Espainiarrak inoiz baino hobeto bizi dira, baten batek arazoren bat daukan arren».

Espainiako presidentearen arabera, 2009aren bigarren erdialdearen inguruan berreskuratuko da hazkunde ekonomikoa.





############



Abuztuan langabezia igotzea joera ziklikoa da. Aurtengo datua positiboa da»

JOSEBA AZKARRAGA
Eusko Jaurlaritzako Lan sailburua
«Datua txarra da etabat dator Espainiakoekonomikoaren krisiarekin»

imelda lorea
Nafarroako Lan zuzendari nagusia
«Abuztuko igoera ez da bereziki handia, baina bai kezkagarria, ahultasun egoeran gertatu baita»

LAB


«Enpresaburuek aurten krisiaren aitzakia eta bermea dute langileak udan kaleratzeko»

CCOO



############
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.