Langabeen kopurua %67 igo da azken hiruhilekoan EAEn

Urtarriletik martxora 31.400 lagun gehiago daude langabezian, 77.800 guztira, Eustatek emandako datuen arabera

jakes goikoetxea
2009ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Langabeziari buruzko datuek beste gehienek baino hobeto erakusten dute krisiaren ondorioen gordintasuna. Langabezia tasa %7,7koa izen zen aurtengo lehen hiruhilekoan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; iazko azken hiruhilekoan %4,6koa zen; eta duela urtebete %3,3koa. Bikoiztu baino gehiago egin da, beraz, Eustat Euskal Estatistika Institutuaren datuen arabera. Eustatek inkesten bitartez eskuratzen ditu datuak.

Portzentaje horien atzeanjende asko dago, gero eta gehiago. Urtarriletik martxora 77.800 ziren langabeak, iazko urritik abendura baino 31.400 gehiago. Bilakaera izugarria da: hiruhileko batetik bestera langabeen kopurua %78 igo da Araban, %66 Gipuzkoan eta %64 Bizkaian. %67 guztira.

Duela urtebete langabezia tasa %3,3koa zen, Eustaten arabera. Langabezia tasa txikia. Ondorioz, urtebeteko konparazioak sekulako portzentajeak eskaintzen ditu: Araban langabeen kopurua duela urtebetekoa ia halako hiru da: Bizkaian %118 handiagoa; eta Gipuzkoan %86 handiagoa. Hiruren igoeraren batez bestekoa %131,54koa da.

Aurtengo lehen hiruhilekoan 934.300 lagun ari ziren lanean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, hau da, 16 eta 64 urte arteko herritarren %65,4. Duela hiru hilabete baino %1,6 gutxiago.

1. Araba

Langabezia tasa %9,5ekoa da, aurreko hiruhilekoan baino 4,1 puntu gehiago. Aurtengo lehen hiruhilekoan 14.600 lagun zeuden langabezian, aurrekoan baino 6.400 gehiago. Urtebetean 11.500 lagun daude lanik gabe Araban; iazko martxoaren aldean, hiru aldiz gehiago.

2. Bizkaia

Bizkaian 41.800 lagun daude langabezian, iazko laugarren hiruhilekoan baino 16.300, eta duela urtebete baino 22.700 gehiago. Bertako langabezia tasa %7,9koa da.

3. Gipuzkoa

Langabeen kopurua 8.500 langabetan handitu da hiruhileko batetik bestera. Kopuru handia da; urtebeteko bilakaera aztertuz gero, 9.900 langabe gehiago daude urtebetean.

4. Datuen arteko aldea

Eustaten arabera, 77.800 langabe daude Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Espainiako Estatistika Erakundearen arabera, berriz, 10.800 gehiago ziren iazko azken hiruhilekoan. Eta INEM Espainiako Enplegu Institutuaren aburuz, 43.000 gehiago, 121.090 guztira.

5. Gizonak batez ere

Eustaten arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan langabezian dauden 77.800 lagunetik 42.900 gizonak dira, eta 34.900 emakumeak. Aurtengo lehen hiruhilekoko datuak iazko azkenengoarekin alderatuz gero, 19.900 gizon gehiago geratu dira langabezian; emakumeak, berriz, 11.600 gehiago.

Emakumeen langabezia tasa %7,8koa da, aurreko hiruhilekoan baino 2,5 puntu handiagoa. Gizonena ere parekoa da, %7,6koa. 3,5 puntuko igoera izan du.

6. Zuloa industrian

Sektore guztietan galdu dira lanpostuak, baina industrian batez ere: industrian 12.500 lanpostu garbi galdu dira, eraikuntzan 5.700, nekazaritzan 2.900 eta zerbitzuetan 300.

7. Diru sarrerarik gabe

Gero eta gehiago dira etxeko kide guztiak langabezian dituzten etxeak. Aurtengo lehen hiruhilekoan 21.500 ziren kide aktibo guztiak langabezian zituzten etxeak, aurreko hiruhilekoan baino 8.400 gehiago. Etxe guztien %2,6 dira.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hiru etxetik batean ez dago pertsona aktiborik, hau da, lanean edo lan bila. Hamarretik seitan, berriz, kide aktibo guztiek dute lana.

8. Kontratuak

Eustaten arabera, 3.400 langile gutxiagok dute mugarik gabeko kontratua, eta 604.300 dira guztira. Behin-behineko kontratua dutenen artean,jaitsiera 12.300 lagunekoa izan da, 168.900 dira guztira.

9. Erreakzioak

Euskadiko UGTk erakundeen arteko koordinazioa eta elkarrizketa soziala eskatu du langabeziari aurre egiteko. Koordinazioaren eta elkarrizketaren bitartez, planak hitzartzea nahi du, industria suspertzeko eta langabeen laguntzak hobetzeko.



Zerbitzu enpresen negozioa %17 inguru jaitsi da urtebetean Hegoaldean

Nafarroako zerbitzu enpresek duela urtebete baino %18,9 gutxiago fakturatu dute aurtengo otsailean; Arabakoek, Bizkaikoek eta Gipuzkoakoek, berriz, %17,4 gutxiago. INE Espainiako Estatistika Erakundeak eman ditu datuak.

Fakturazioaz gain, INEk zerbitzu enpresetako langileen kopurua ere neurtzen du. Nafarroan urtebetean %5,6 jaitsi da zerbitzu enpresetako langileen kopurua; Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, berriz, %4,2.

Fakturazioaren eta enpleguaren jaitsiera handiagoa izan da Espainian: fakturazioa %20,5 eta enplegua %5,9. Bi neurgailu horiek izan duten jaitsierarik handiena izan da, INE 2003an neurtzen hasi zenetik. Fakturazioak hamar hilabete daramatza jarraian jaisten eta enpleguak bederatzi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.