Langabeen kopuruak jaitsiera arina izan du, uztailetik lehen aldiz

Langabeziak gora egin duen herrialde bakarra Bizkaia izan da; han, urte hasieran baino 9.450 langabe gehiago daude

2012ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Apirila hilabete nahiko txukuna izaten da enpleguarentzat, Aste Santuaren bueltan eta udaren atarian, langabeen kopurua jaisten eta kontratazioa handitzen hasten delako. Egia da krisiak ohitura guztiak hautsi dituela, eta lehen ezinezkoa zena orain aukera dela. Baina aurtengoan tradizioak irabazi du, eta bederatzi hilabetean lehen aldiz langabeen kopuruak behera egin du. Jaitsiera ez da handia izan: apirilean 212.801 lagunek zuten izena emanda Hego Euskal Herriko enplegu zerbitzu publikoen bulegoetan, martxoan baino 669 gutxiagok (-%0,4). Urtebetean, ordea, %9,7 hazi da langabezia: iazko apirilean baino 18.856 langabe gehiago daude.

Herrialde guztietan ez du bilakaera bera izan langabeziak. Onena Nafarroan izan du, %1,26ko jaitsiera, 647 lagun gutxiago baitaude langabeen zerrendan. Ez da hori gertatzen den lehen aldia, gainera. Martxoan, halaber, Nafarroan gutxitu egin zen langabeen kopurua, eta beste hiru herrialdeetan igo. Baina datu guztiak ez dira baikorrak, Nafarroa baita langabezia tasarik handienetakoa duen herrialdea — %16,53koa—, bai eta urtebetean langabeziak igoerarik handiena izan duena ere: iazko apiriletik aurtengora %16,25.

Apirilean bilakaerarik txarrena izan duen herrialdea, berriz, Bizkaia izan da. %0,42ko igoera izan du langabeziak, 381 langabe gehiagorekin. Urte hasiera penagarria izaten ari da Bizkaiko lan merkatuan: urtarrilaren 1ean baino 9.540 langabe gehiago daude, %10,43 gehiago, hain zuzen. Hango langabezia tasa %16,6 da.

Araban eta Gipuzkoan txikitu egin da langabeen kopurua apirilean, baina jaitsiera apala izan da bietan: %0,5etik beherakoa.

Javier Ruiz Eusko Jaurlaritzako Lan sailburuordeak ontzat eman ditu datuak, «joera batekin hausteko balio dutelako», baina lanean jarraitu beharra nabarmendu du, langabeziaren jaitsiera txikia izan delako —Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 22 langabe gutxiago—. Adierazi du Lanbidek lanik gabe dagoen herritar bakoitzari laguntzen jarraituko duela, orientazioa eskainiz.

Alvaro Miranda Nafarroako Ekonomia kontseilariak ere molde bereko adierazpenak egin ditu. Esan du langabezia jaistea berri ona dela, baina are hobea dela Gizarte Segurantzako afiliazioa handitu izana. Nafarroan 807 herritarrek eman dute izena apirilean; aldiz, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 2.491 lagunek gutxiagok eman dute izena. Mirandaren ustetan, «askoz datu garrantzitsuagoa da hori, nahiz eta askoz garrantzi txikiagoa ematen zaion, esan nahi baitu jende gehiago ari dela lanean».

LAB sindikatuak adierazi dute langabeziaren jaitsiera beti dela berri ona, batez ere, lanean hasteko aukera izan duten herritarrentzat. Baina apirileko datuak tentuz hartzeko ohartarazi du, hilabete horretan ohikoa delako beheranzko joera hastea. Gainera, sasoi honetan sortzen den enplegua oso kalitate txarrekoa izaten del anabarmendu du sindikatu abertzaleak.

CCOOri eta UGTri, ostera, apiril baterako jaitsiera txikiegia iruditu zaie —Araba, Bizkai eta Gipuzkoako—. Horregatik, lan erreforma kritikatu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.