Otsailean langabezia Europako Batasunean (EB) eta euroguneko herrialdeetan 0,1 puntu igo zen, Eurostatek jakinarazi duenez. EBn %10,2ra hazi zen —167.000 lagun gehiago beharrik gabe— eta eurogunean %10,8ra. Azkeneko urte erdian langabezia puntu bat igo da EBn eta, Eurostaten arabera, gaur egun lanik barik 24,5 milioi lagun daude.
Langabeziarik handiena Espainiako Estatuan dago: %23,6koa. Grezia eta Portugal daude ondoren zerrendan, %21 eta %15ekoarekin. Tasa txikiena Austrian dago: %4,2koa. Ondoren Herbehereetan (%4,9koa), Luxenburgon (%5,2koa) eta Alemanian (%5,7koa).
Azkeneko urtebetean Europako Batasuneko zortzi herrialdetan langabezia jaitsi egin da, hemezortzitan igo eta batean lehengoan jarraitu du.
25 urtez azpiko pertsonen artean Espainian dago langabeziarik handiena: %50,5ekoa. Grezian %50,4koa dute. Txikiena, Alemanian (%8,2koa) eta Austrian (%8,3koa).