Duela urtebeteko datuekin alderatuz gero, igoera izugarria da: apirilean 160.570 lagun zeuden langabezian, iaz garai berean baino 55.897 gehiago. Igoera %53koa izan da: %67koa Nafarroan, %64koa Araban, %47koa Gipuzkoan eta %46koa Bizkaian. Langabezia iazko urte amaieratik aurrera igo zen batez ere. Iazko urritik aurrera hilabetez hilabete izandako igoerak aztertuz gero, %4tik gorakoak izan dira guztiak, eta %4 baino dezente handiagoak zenbaitetan: %8koa azaroan, %9koa urtarrilean eta %10ekoa abenduan.
Hurrengo hilabeteetan ikusteko dago ea apirileko igoera txikia salbuespena den edota langabeziak aurreko hilabeteetan adina igotzen jarraitzen duen. Aurreko urteetako joerak aztertuz gero, INEMen estatistiketan langabeziak beti egin du behera maiatzean eta ekainean, udari begira zerbitzuetan egiten diren kontratuei esker batez ere.
Behin-behineko kontratuak
Apirilean 62.547 kontratu sinatu ziren Hego Euskal Herrian, martxoan baino ia 700 gehiago. Hala ere, egin diren hamar kontratutik bederatzi behin-behinekoak izan dira. Nabarmentzekoa da Nafarroan hilabete batetik bestera mila kontratu berri gehiago egin direla.
Langabezian dauden gizonen eta emakumeen arteko kopuruak ia berdinduta daude: Hego Euskal Herriko langabeen %50,3 emakumeak dira, eta %49,7 gizonak.
Espainian 3.644.880 langabe daude, INEMen arabera. Espainiako Gobernuaren esanetan, berak hartutako neurriei esker lortu dute langabeziaren igoera moteltzea, Inbertsio Lokalerako Funtsaren eraginez batez ere. Maravillas Rojo Enplegu idazkariaren arabera, funts horren bitartez 259.418 laguni eman diete lana. Horietatik ia ehun mila (98.696) kontratu berriak izan dira.
Alde handia dago INEMek, Eustatek eta Espainiako Estatistika Erakundeak (INE) ematen dituzten langabe kopuruen artean. Eustaten inkestak dio 77.800 direla langabeak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, INEMek zenbatutakoak baino 44.311 gutxiago.
Eustatek oharra kaleratu zuen apirilean, esanez INEMek langabetzat hartzen dituen hiru pertsonatik bat ez dela langabea. Eustaten esanetan, INEMek langabeen artean sartzen ditu aldez aurretik erretiratuak, erretiroaren zain daudenak edo egun erdiko lana edukita egun osokoaren bila ari direnak.
Erreakzioak
ELA«Langabeen kopurua %53 handitu da urtebetean Hego Euskal Herrian; Europako Batasunean, berriz, %25,2. Horrek erakusten du ekonomiaren moteltzea enplegua deuseztatzeko aitzakiatzat erabiltzen dela. Gainera, Hego Euskal Herriko hiru langabetik batek baino gehiagok ez du inolako saririk jasotzen. Gaur argitaratutako datuek maiatzaren 21eko greba orokorrerako arrazoiak indartzen dituzte».
LAB
«Datu ofizialei gehitu egin behar zaizkie krisiaren ondorioz enplegua erregulatzeko espedienteek eragin dieten langileak. Gainera, behin-behineko langileen kopurua Europakoaren bikoitza da Hego Euskal Herrian. Eta, bitartean, patronalak etekina atera nahi dio krisiari, Espainiako Gobernuaren eta gobernu autonomikoen konplizitatea baliatuta. Sindikalismoak erantzun indartsua eman behar du».
Euskadiko CCOO
«Krisiak ez du hondoa jo, eta egoera txarra den arren, badaude datu onak: enpleguaren deuseztapenaren erritmoa moteldu egin da; emakumeen langabezia gutxitu egin da; eta langabeziaren igoera handiena lehen lanik ez zutenen artean gertatu da, hau da, estatistikoki enplegua deuseztatzea ez dena».
Felipe Garcia
Euskadiko UGTko Enplegu idazkaria
«Datuak txarrak dira, baina azken bi hilabeteetako joera apaldu dute. Gainera, udan kontratu gehiago egiten dira, eta espero dut horrek isla positiboa izango duela langabezia kopuruetan. Kezkagarria da industriako langabeen igoera, enplegu hori egiturazkoa baita».