Langabezia %0,9 igo da abuztuan, lau hilabetez behera egin eta gero

Hego Euskal Herrian 208.477 langabe daude, uztailean baino 1.879 gehiago; igoera azken urteetako txikienetarikoa izan daNafarroa da abuztuan langabe kopurua gutxitzea lortu duen lurralde bakarra

Maite Alustiza.
2012ko irailaren 5a
00:00
Entzun
Langabe kopuruak lau hilabetez jarraian behera egin du Hego Euskal Herrian, baina uda amaitzear dagoela ezin izan dio joera horri eutsi. SPEE Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak atzo emandako datuen arabera, abuztuan uztailean baino 1.879 langabe gehiago erregistratu dira Lanbiden eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuan (%0,9); guztira, 208.477 langabe daude, iaz baino 26.341 gehiago. Igoera, ordea, azken urteetan abuztuan izan den txikienetarikoa izan da. Iazko datuak hobeak izan baziren ere —soilik 295 langabe gehiago izan ziren—, 2004ko datuen parean daude aurtengoak —1.539 zenbatu zituzten orduan—. Ordutik hona, kopurua urtero 3.000 langaberen bueltan ibili da.

Apiriletik uztailera arte izandako jaitsieran 6.872 langabe gutxiago zenbatu dituzte, baina ohi bezala, aurten ere abuztua ez da hilabete ona izan lan merkatuarentzat. Uda aurreko hilabeteetan lan eskaintza gehiago izaten da zerbitzuen arloan, udako lan kargari aurre egin ahal izateko, baina hori amaituta, gora egiten du langabe kopuruak. Nafarroaizan da igoera horretatik salbu geratu den bakarra. Uztailean baino 435 lagun gutxiago daude abuztuan beharrik gabe, eta guztira 48.352 dira langabeak. Araban 25.469 langabe zenbatu dituzte, uztailean baino 653 gehiago. Bizkaian langabezia tasa %16,5era heldu da, eta dagoeneko 89.911 daude lanik gabe , uztailean baino 1.026 lagun gehiago. Gipuzkoak, berriz, langabezia tasarik baxuena izaten jarraitzen du (%13,38): guztira 44.745 langabe daude.

Langabeen kopurua handitzearekin, behera egin du Gizarte Segurantzan izena emandakoenkopuruak — 1.152.289 dira guztira—. Uztailetik abuztura 10.455 lagun gutxiago erregistratu dira; iaztik, 29.983 gutxiago.Abuztuan, gainera,hamar langabetik lauri langabezia saria bukatu zaie.

Aldeak zerbitzuetan

Zerbitzuen arloan uda garaian izan den eskaintzak behera egin du, eta hori dela eta, abuztuan sektore horretan izan dira langabe gehien, 1.993 gehiago, hain zuzen. Oro har, zerbitzuenak biltzen ditu langabe gehien: 128.743.

Eusko Jaurlaritzak ontzat jo ditu emaitzak, eta nabarmendu du azken hamar urteetako abuztu onenetan «bigarrena» izan dela aurtengoa. Aralarrentzat, ordea, «oso kezkagarriak» dira atzo jasotakoak, «ez delako ikusten langabe kopurua gutxitzeko joerarik». Josu Erkoreka EAJko diputatuak Jaurlaritzako egungo gobernuari egotzi dio «langabeziaren bilakaera». Sindikatuek ereez dituzte datuak begi onez hartu. LABek gogorarazi du lan arloko erreformek lana suntsitzen dutela, eta ELAko Mikel Novalek politikak «goitik behera aldatzea» aldarrikatu du. Maria Isabel Garcia Malo Nafarroako Enplegu Zerbitzuko kudeatzailea pozik agertu da Nafarroan izandako kopuruekin: «Lanpostuak sortzen jarraitu behar dugu, oraindik langabe asko baitaude».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.