106.200 pertsona daude langabezian, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, Eustatek jakinarazi duenez, 2018. urteko lehen hiruhilekoan baino 10.400 gutxiago. 1,2 puntuko jaitsiera handia egon dela diote Eustaten datuek. Eusko Jaurlaritzak legegintzaldi bukaerarako jarritako helburua, beraz, betetzear da. Langabezia %10eko tasatik behera jaisteko xedea jarri zuen Lakuak, eta legegintzaldiaren erdia nahikoa izango da hura betetzeko.
Langabeziaren jaitsierak eragin handiagoa izango du emakumeen artean gizonezkoen artean baino. Aurreko hiruhilekoan baino 7.300 atera dira langabeziatik, eta gaur egun 54.500 dira langabeak Jaurlaritzaren eskumeneko hiru lurraldeetan. 3.000 gizonezko langabe gutxiago daude, bestalde, eta guztira, 51.700 dira gizonezko langabeak.
Lurraldeka, jaitsiera handiena Bizkaiak izan du (-5.000), eta %11,6ko tasa dauka gaur egun. Gipuzkoan 26.000 langabe daude, 3.000 gutxiago, eta %7,7ko tasa dauka. Eta Araban 2.300 langabe gutxiago daude azken hiruhilekoan; Arabak %10,5eko lagabezia tasa dauka.