Ekonomia

Langabezia %12,6ra jaitsi da, okupatuak igo eta langabeak gutxituta

Aurreko hiruhilekoan baino 7.400 okupatu gehiago eta 14.400 langabe gutxiago zenbatu ditu Eustatek.

Irune Lasa.
2016ko urriaren 21a
10:31
Entzun

Berriz ere behera egin du langabezia tasak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, %12,6an kokatzeraino, aurreko hiruhilekoan baino 1,3 puntu gutxiago. Eustaten arabera, 131.700 pertsona daude langabezian, eta horietatik gehienak emakumeak dira, 67.200, lanik gabe dauden gizonezkoak 64.600 baitira. Izan ere, uztailetik irailera gizonezko langabeen kopurua bakarrik jaitsi da ia erabat, 14.000 gutxiago; emakume langabeen kopurua, berriz, 300 lagun soilik jaitsi da.

Herrialdeka, langabeen kopuruan murrizketa handiena Bizkaian gertatu da, 10.500 langabe gutxiago, baina langabezia tasa handieneko herrialdea da oraindik, %14 (75.100 langabe). Araban ere aurreko hiruhilekoan baino gutxiago dira langabeak, kopurua 1.100 lagun jaitsi delako, eta langabezia tasa %13,9an kokatu da (21.700 langabe). Gipuzkoan berriz, %9,9ra murriztu da tasa, 2.800 langabe gutxiagorekin, kopuru osoa 33.000tan geldituta.

Biztanleria okupatuaren bilakaera positiboa izan da, aurreko hiruhilekoan baino 7.400 gehiago baitira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan zenbatutako landunak, baina igoera hori gizonezko okupatuen 10.700 laguneko gorakadak ekarri du, emakumezko landunen kopurua 3.300 lagun murriztu baita. 

Sektoreka, nabarmena da industrian biztanleria okupatuak izan duen 8.600 pertsonako hazkuntza. Zerbitzuen sektorean, berriz, 1.000 okupatu gutxiago zenbatu ditu Eustatek. Eraikuntzan eta lehen sektorean aldaketak txikiagoak izan dira, 100 okupatu gehiago eta 100 gutxiago, hurrenez hurren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.