Langabezia %2,5 jaitsi da Hegoaldean urte hasieran, INEren inkestaren arabera

Nafarroan izan ezik, beste herrialde guztietan apaldu da langabe kopurua, batez ere Bizkaian

Ivan Santamaria.
2010eko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
Urteko lehen hiruhilekoan 3.800 langabe gutxiago zenbatu ditu Hego Euskal Herrian Espainiako Estatistika Erakundeak (INE). 2008. urteko bigarren hiruhilekotik aurrera langabezia datua murriztu den lehen aldia da, gainera. Biztanleria aktiboaren inkestaren arabera, gaur egun 151.600 langabe daude Hegoaldean.

INEk argitaratu duen datuak agerian utzi du berriz langabezia neurtzeko iturrien arteko aldea. Hala, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak (lehen, Inem) langabe gehiago zenbatu zituen hilero urtarriletik martxora bitartean; 13.000 gehiago, hain zuzen ere. Eustatek orain dela gutxi Araba, Bizkai eta Gipuzkoarentzat kaleratu duen joerarekin ere ez dator bat: Eustatek 1.400 langabe gehiago kalkulatu zituen EAEn, eta INEk, aldiz, 9.400 gutxiago.

Biztanleria aktiboaren inkestari kasu eginez gero, Nafarroan soilik handitu zen langabezia urtarriletik martxora bitartean. Igoera nabarmena izan zen, gainera: 5.600 lagun gehiago (%17ko hazkundea). Besteei dagokienez, Bizkaian izan zen jaitsierarik adierazgarriena; are gehiago: herrialde horretan orain dela urtebete baino langabe gutxiago daude dagoeneko. Araban eta Gipuzkoan apur bat arindu da kopurua.

Langabe kopuruan gizonen eta emakumeen arteko aldea handitu egin da urteko lehen txanpan. Gizonen langabezia igo egin da berriro, eta emakumeena jaitsi. Tasari dagokionez, oraindik ere emakumeena apur bat handiagoa da oraindik ere.

Okupazioa, behera

Langabeziaren jaitsierak ez du esan nahi, ordea, lanpostu galera eten egin denik. Aurreko hiruhilekotik 1.100 enplegu galdu zirela adierazi du INEk. Orain dela urtebeteko emaitzei erreparatuz gero, 23.500 galdu dira. Zerbitzuetan soilik handitu da okupazioa. Enpleguaren banaketa orokorrean pisua irabazten jarraitzen du hirugarren sektoreak, okupazioaren %67 izanik.

Maiatzaren Lehenaren bezperan, datuak tentuz hartzeko eskatu zuten sindikatuek. ELAk eta LABek ohartarazi dute pertsona asko desanimatu direla eta, lanpostua bilatzeari utzi diotenez, inaktibo bihurtu direla. ELAk, gainera, aldi baterako kontratuak gehitu izana salatu du. Jarduera tasaren jaitsiera kezkagarritzat jo du CCOO sindikatuak, bestalde.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.