Ekainera arteko datuak onak izan baziren ere, ordutik aurrera hilabete guztietan igo da langabezia. Eta urritik aurrera nabarmen okertu da egoera. Abenduan, esaterako, azaroan baino 8.687 lagun gehiagok jo zuten INEMeko bulegoetara, eta langabezia tasa %9,64ra igo zen. Guztira 133.593 lagun ari ziren lan bila aurreko hilean.
Nafarroan izan du igoerarik handiena, bai azken hilabetean eta bai urtebetean, eta azaroaz geroztik Bizkaiak baino langabe gehiago ditu. 2007ko datuekin alderatuta, %52,75 igo da langabezia herrialde horretan, eta biztanle aktiboen%10,55 ari dira lan bila. Araban iaztik %43ko gorakada izan du lanik gabekoen kopuruak, eta langabezia tasa %9,36ra igo da. Bi herrialde horietan eraikuntzak pisu handia du, eta horrek eragin du horrenbesteko igoera. Bizkaian, %35 hanaditu da langabezia, eta Gipuzkoan, %31.
Lanik ezak batez ere gizonezkoei eragin die azken hilabeteetan, eta dagoeneko antzeko mailan dabil emakumezkoen eta gizonezkoen langabezia tasa. Abenduan lan bila zebiltzan 133.593 lagun horietatik 65.356 ziren gizonezkoak eta 68.237 emakumeak, %49 eta %51 hurrenez hurren. Aipagarria da Nafarroan dagoeneko langabezia tasa txikiagoa izatea emakumeen artean. Zerbitzuen sektoreak industriak eta eraikuntzak baino hobeto eutsi dio enpleguari, eta horregatik murriztu da batzuen eta besteen arteko aldea.
Sindikatuak ezkor daude datozen hilabeteei begira, eta aurrerantzean datuak okerragoak izatea oso litekeena dela esan dute. «Patronalak langileen lepotik egin nahi ditu egokitze guztiak, eta seguruenik lan merkatuak txarrera egingo du», esan du LABek. Sindikatuaren esanetan,enplegua mantentzea izango da beren lehentasuna, eta enplegua erregulatzeko dosierren aurka egingo dute.
CCOOk Eusko Jaurlaritzari eskatu dio langabezian dagoen jendearen aldeko «babes politikak» prestatzen hasteko, eta ez dezala enpresak finantzatzeko dirua eman bakarrik. Era berean, Gobernuak «gardentasunez» jokatzea ezinbestekotzat jo du sindikatuak. UGTren ustez, «konfiantza berreskuratu» artean ezingo da egoera bere onera ekarri.
Espainian, egoera okerragoa
Hego Euskal Herriko datuak ez ezik, Espainiakoak ere eman zituen atzo INEMek. Han egoera okerragoa da, urtebetean %46, 96 igo baita langabezia. Hain zuzen, 2007an baino ia milioi bat lagun gehiago zeuden lanik gabe abenduan, guztira hiru milioi pasa.
Celestino Corbacho Lan eta Immigrazio ministroak aitortu du hurrengo hilabeteetan ere gorantz segituko duela langabeziak, baina ez hainbeste. «Goia jo dugula esan nahiko nuke, baina ez dut uste. Hori bai, inolaz ere ez gara iritsiko lau milioi langabetura». Gobernuak defizita izan arren langabezia ordaintzeari ez diola utziko gaineratu du Corbachok.
Eurostaten arabera, eurogunean %7,8raigo da langabezia
Euroguneko batez bestekoaren gainetik dago Hego Euskal Herriko langabezia. Eurostatek atzo jakinarazi zuenez, hamarren bat gora egin eta%7,8ra iritsi zen16 herrialdeen tasa azaroan. Hurrenez hurren,Espainiak (%13,4), Eslovakiak (%9,1) eta Letoniak (%9) dute langabeziarik handiena. Txikiena, berriz, Herbehereek (%2,7), Austriak (%3,8) eta Ziprek (%3,9).Gazteen artean igo da batez ere. 2007ko azaroan 25 urtez azpiko biztanle aktiboen %14,5 ari ziren lan bila; 2008koan, %16,4.