Albiste ona da herritarrentzat Euriborra jaitsi izana, baina hipotekak ordaindu egin behar dira, eta langabeziak ez du, ez, horretan laguntzen. Gora egiten ari da oraindik, gainera. Eurogunean %8raino ailegatu zen abenduan, eta Europako Batasuneko (EB) 27 herrialdeak kontuan hartuta, %7,6raino hazi da. Datuok Eurostat EBko estatistika erakundeak eman zituen atzo.
Azarotik abendura nabarmen igo da langabeen kopurua eurogunean: 270.000 gehiago zeuden. EBn, berriz, 309.000 gehiago. Urte batean soilik 1,665 milioi lagunek galdu dute enplegua, horietatik 1,397 milioik eurogunean. Guztira, 12,472 milioi lagun daude lanik gabe eurogunean, eta 17,911 milioi EBn.
Espainiak jarraitzen du langabeziaren daturik okerrenak biltzen. 2007ko abenduan langabezia tasa %8,7 zen, eta 2008an, %14,4. Estonian ere azpimarratzeko moduko igoera izan da: %4,1etik %9,6ra. Azarotik abendura, berriz, Letonian igo da gehien langabezia: %9,2tik %10,4ra.
Bestalde, Polonian eta Eslovakian jaitsi egin da tasa: Polonian %8,2tik %6,5era, eta Eslovakian %10,3tik %9,74ra. Tasarik baxuenak dituzten herrialdeak dira: Herbehereak (%2,7), Austria (%3,9) eta Zipre (%4,2).
Gazteen artean ere Espainiak ditu langabeziaren daturik txarrenak: 25 urtetik beherakoen tasa %29,5ekoa zen iaz, eta %19,3koa, berriz, 2007ko abenduan. Nabarmen hazi da urtebetean adin tarte horretakoen langabezia Europan; Estonian, esaterako, %7,5etik %21,9ra.
Emakumezkoen langabezia tasak gizonezkoen gainetik jarraitzen du, bai eurogunean eta baita EBen ere: %8,1ekoa da eurogunean, eta %8,5ekoa EBn; gizonezkoena, berriz, %6,4koa eta %7,6koa da, hurrenez hurren.
Inflazioa jaisten ari da
Beste hilabete batez jarraian inflazioak behera egin du eurogunean: %1,1ean geratu da urtarrilean. Abendutik, beraz, %0,5 jaitsi da, orduan %1,6an baitzegoen. Inflazioa ez da hain txikia izan 1999ko uztailetik; alegia, euroa erabiltzen hasi baino lehenago egin behar da atzera. Orduan, inflazioa %0,9koa izan zen Europa osoan.
Emaitzok oraindik ere ez dira behin betikoak. Horien berri otsailaren 27an emango du Eurostatek. Hala eta guztiz ere, oso fidagarria da kalkulu hori, azken bi urteetan behin betiko emaitzekin bat egin baitute hamasei alditan, eta zortzitan, berriz, hamarren bateko aldea besterik ez zuten izan.
Energiaren prezioaren eta EBko herrialde bakoitzak emandako datuen bidez argitaratzen ditu inflazioaren emaitzak Eurostatek.
Langabezia %8ra ailegatu da eurogunean
Inflazioak behera egin du %1,1 arte, eta 1999ko uztailetik izan duen tasarik baxuenean geratu da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu